Ziortzak ikasturte berria abiatzear

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 09:14

Udako kanpamenduan parte hartu zuen gazte taldeetako bat. Argazkia: Ziortza G.E.

Ostiralean abiaraziko ditu Ziortza Gazte Elkarteak DBH-koei zuzenduriko ikasturte berriko saioak. Izen ematea zabalik dute.

2021-22 ikasturte berria abiatzear du Ziortza Gazte Elkarteak; ostiralean, urriaren 22an, ekingo die DBH-ko gazteei zuzenduriko saioei. Gazteen arteko hartuemanak sendotu eta aisialdi eremuko lanketara bideratuak daude. Jolastu, eztabaidatu eta tailer berezietan parte hartzeko aukera izango dute 

Hitzorduak DBHko gazteei zuzenduak daude; DBH 1 eta DBH 3ko lehen saioak ostiral honetan izango dira, datorren astean abiaraziko dituzte DBH 2 eta DBH 4koei zuzendurikoak. Saio guztiak Potxoenean izango dira. Parte hartzeko ordea aurrez izen ematea ezinbestekoa izango da. Inskripzioak ziortzage@gmail.com helbidera helarazi beharko dira. Helbide horretara idatzita izen-emate orria jaso ahalko da. Bestela, Ziortzak sare sozialetan dituen orrialdeetatik ere eskuratu ahalko da aipatu orria. Esteka honetan hain zuzen: Ziortza, izen ematea

Lehen saiorako orria datuekin betetzea eskatzen dute Ziortzatik, bestela bigarren saioan ezinezkoa izango da parte hartzea. 

Saioen egutegia
Ostiraletan:
19:00-20:00 DBH 1/DBH2
20:30-21:30 DBH 3/DBH 4.
Oharra: DBH 1 eta DBH 3ko saioak, urriaren 22tik aurrera; DBH 2 eta DBH 4ko saioak urriaren 29tik aurrera.
Tokia: Potxoenea.
Antolatzailea: Ziortza Gazte Elkartea.