Kafe Tertulia: “Mugimenduan gaude, lurrikara gara”

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 20a, 13:51
“Behar beharrezkoa ikusten dugu elkar ezagutu, bizipenak partekatu, indartu eta batera borrokatzea, erronka handiak baititugu aurretik”.

Kafe Tertulia duela hainbat urte sortu zen Usurbilgo neskak* biltzeko eta espazio seguru bat sortzeko asmotan. Denbora honetan neska* ugari biltzen aritu gara erronka eta formakuntza ezberdinak aurrera eramanez.

Pandemiaren eraginez elkartzeko izan ditugun zailtasunen eta indibidualizazioarekin, oso zaila izan da taldearentzat partaide kopurua mantendu eta borrokan jarraitzea. Hala ere, partaide kopuruaren gainbeheraren aurrean, inoiz baino indartsu eta gogotsuago gaude herri hau astintzeko asmoz!

Urriaren 9 eta 10ean Euskal Herriko Neska* Gazteon Baterajotzea gauzatu zen Elizondon. Topaketa hauek Euskal Herriko neska* gazte guztion elkargune izan ziren, geldiezina izango den olatua sortzeko asmoz eta Usurbilgo neskak* ere bertan izan ginen.

KAFE TERTULIA

“Ikasturteari hasiera emateko, azaroan hasiko gara ekintzak antolatzen herriko neskak* saretzeko eta gure taldea herrian ikustarazteko asmotan”

“Mugimenduan gaude, lurrikara gara” lelopean ospatutako Baterajotzean, neska* gazteok krisi anizkoitzari nola erantzun behar diogun hausnartu genuen, neska* gazte subjetu politikoa berrezaugarritzeko eta gure problematika propioak mahaigaineratzeko.

Momentu berezian ospatu da baterajotzea, mundu mailako pandemia batek eztanda egin duen momentuan eta sostenga ezina den sistema oso bat inoiz baino ikusgarriagoa egin denean hain zuzen ere. Euskal Herriko Neska* Gazteok bizitzak erdigunean jarri behar direla salatu eta kapitala erdigunean jartzen duen sistema honen aurka borrokatuko dugu.

Euskal Herriko Neska* Gazteon saretzea ez ezik, Buruntzaldeko Neska* Gazteon saretzea izugarria izan da azken hilabeteotan. Honen adibide dira uztailan Usurbilgo Udarregi Ikastolan burututako udaleku feministak. Bertan eskualdeko 55 neska* inguru elkartu ginen tailer eta ekintza ezberdinak aurrera eramanez. Honela, herri ezberdinetako talde txikien ezagutza eta egoera partekatuz elkar elikatzen gara, gure borroka sendotuz eta problematika berdinei modu bateratuan aurre eginez.

Aurrera begira erronka handiei egin nahi diegu aurre elkarrekin, gertu dugun azaroaren 25eko egunean adibidez, kaleak hartuko ditugu emakumeen aurkako indarkeria matxista guztiok batera salatuz.

Pandemiaren egoera “amaitutzat” ematen den momentu honetan, gure kezka nagusia jai eremuak dira. Guztiok dakigu espazio hauek zer dakarten: eraso sexistak, gune ez seguruak, beldurrak, ezinegona,… Aurrez egindako lanketa guztiak bertan behera geratu ziren pandemiarekin, eta eredugarriak ez diren jaiak ari gara sumatzen azken asteotan, gure inguruan erasoak izan dira. Behin eta berriro esango dugu ez dugula inongo eraso sexista, homofobo, arrazista, xenofobo edo bestelakorik onartuko eta ez dela erasorik egongo erantzunik gabe!

Kafe Tertuliako kideok, ikasturteari hasiera emateko, azaroan hasiko gara ekintzak antolatzen herriko neskak* saretzeko eta gure taldea herrian ikustarazteko asmotan.

Horretarako, ezinbestekoa da pandemiak eragindako gainbehera honi aurre egin eta herriko neska* guztiok batzea, gure taldea aberastuz. Behar beharrezkoa ikusten dugu elkar ezagutu, bizipenak partekatu, indartu eta batera borrokatzea, erronka handiak baititugu aurretik. Guztion ardura da berdintasunean oinarritzen den gizarte feminista bat lortzeko parte hartzea eta inplikazioa. Beraz, egon adi gure sare sozial zein kaleko karteletara, zuen zain egongo baikara!