Urriaren 17ko giza proba, igandean ETB-n ikusgai

Usurbil Herri Kirol Taldea eta Joseba Sanchez leitzarra lehian jarri zituen giza proba Euskal Telebistan ikusteko aukera izango da, igande goiz honetan, urriaren 24an.

Bertaratu zirenek berriz ikusteko aukera izango dute, gainerakoek pantaila bidez urriaren 17an Dema plazan bizitakoa ezagutzekoa. Euskal Telebistaren lehen kateak, ETB1-ek iragan igandeko giza probako unerik gogoangarrienak eskainiko ditu astebete beranduago, urriaren 24an, goizez, 11:20 alderako iragarria duen "Helmuga" saioaren baitan. Kirol jarduera eta kirolari ezberdinei eskaintzen diete tartea aipatu telebista programan.

Hala iragarri zuten giza proban zehar antolakuntzak, Usurbil Herri Kirol Taldeak. ETB-ko kamerek grabatu zuten proba herrikoia hilaren 17an. 

Lehia bizia
Gogoan izan, aurrez aurre, erronka handi baten bueltan lehiatu ziren aipatu taldeko hiru kide; Aimar Zuloaga Segurola, Gabi Sarasola Ibargoyen eta Iurgi Mendiluze Zuloaga, 1.800 kiloko Urepel harriari tiraka. Eta haiekin Joseba Sanchez leitzarra 750 kiloko "Txefarria"-ri tira behar zion. Bi aurkariek 30 minutuko tartea zuten. Txalo zaparrada jaso zuten guztiek egindako ahalegina itzela izan baitzen. Batek nagusitu behar ordea eta azkenean leitzarrak aurre hartu zien usurbildarrei.

Emaitza
Joseba Sanchez: 2 plaza, zinta bat eta 80 zentimetro.
Usurbil Herri Kirol Taldea: plaza bat, 10 zinta eta 30 zentimetro.