Pagazpeko bi kide, eskupilotako teknifikazio entrenamenduetarako hautatuak

Gipuzkoako Pilota Federazioak 2021-22 denboraldiko teknifikazio entrenamenduak abiarazi ditu, herrialdeko elkarte ezberdinetako 53 pilotari hautatu ostean. Tartean dira Pagazpeko bi kide.

Trebakuntza saio tekniko pertsonalizatuak eskaintzea xede duen eskupilotako 2021-22 denboraldiko teknifikazio entrenamenduak abiarazi ditu Gipuzkoako Euskal Pilota Federazioak. Egitasmoan parte hartzeko herrialdeko elkarte ezberdinetako infantil eta kadete mailetako 53 pilotari hautatu dituzte; tartean, Pagazpeko bi kide. Biak infantil mailakoak; Aimar Alejo eta Enaitz Errasti. Asteazkenetan 17:00etan hasita Lasarte-Oriako Michelingo pilotalekuan entrenatzeko aukera izango dute, Oarsoaldeko nahiz Buruntzaldeko gainerako pilotari hautatuekin, Oiarpe, Gazteleku eta Hernaniko klubeko ordezkariekin batera.

2014-15 denboraldian abian jarritako egitasmoak harrera bikaina izan duela ikusita segida ematea erabaki du hala, Gipuzkoako Pilota Federazioak. "Aurtengo deialdia berriz ere infantil eta kadete kategorietako pilotarientzat izan da, eta Gipuzkoako 18 klubetako 72 pilotarik eman zuten izena: zehazki, 39 infantilek eta 33 kadeteek". Irailean zehar hautaketa entrenamenduetara deitu zituzten "eta ondoren osatu da pilotarien behin betiko zerrenda". 

Aipatu moduan, Usurbilgo Pagazpe elkarteko bi kide daude hautatuen arten. Buruntzaldean guztira 11 izan dira aukeratuak. Kadete mailakoen trebakuntza saioak Donostiako Atano III frontoian izango dira. Infantilenak Gipuzkoako hiru udalerrietan; Deba eta Urola bailarakoak Azpeitian bilduko dituzte, Tolosaldea, Goierri eta Aiztondokoak Zizurkilen eta Bidasoa, Oarsoaldea nahiz Buruntzaldekoak Lasarte-Oriako Michelingo frontoian. Azken honetan entrenatzaile lanetan, Asier Arteaga pilotari profesionala arituko da, Gipuzkoako Pilota Federaziotik berri eman dutenez.