NOAUA!Fest

25 urteotako bidelagunei gorazarre, larunbateko NOAUA!Fest ospakizunean

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 22a, 11:52

Mende laurdena ospatu, bidelagun izan dituenak eskertu eta aurrera begira elkarrekin bidea egiten jarraitzeko topagune berezia izan nahi du NOAUA! Kultur Elkarteak larunbaterako, urriak 23, 18:30etan frontoian antolatu duen “Noaua!Fest” hitzordu berezia. Kultur elkarteko dinamizatzaile Alaitz Aizpurua Labakak dakartza xehetasunak lerrootan.

Zer da ekitaldi berezi honekin islatu nahi dena?
Alaitz Aizpurua Labaka:
Urtemuga, urte hauetan guztietan ondoan izan ditugunekin; hasierako sortzaile haiekin, kolaboratzaileekin, langileekin, gure ondoan egon diren eragile, norbanako, bazkideekin... 25. urteurrenak atzetik pertsona asko ditu, haiek guztiak eskertu nahi genituzke eta azken aldi honetan zaila izan zaigun elkargunea sortu.

Urtemugarako “herria herritik, beste 25 baietz!” baliatzen ari da NOAUA!. Herria omendu nahi da beraz?
Azkenean NOAUA! K.E.-k herri hori gabe ez du zentzurik. Hala sortu zen, herritarren parte hartze ikaragarri batekin. Auzolanaren adibide argi bat izan zen eta izan da gerora ere. Ekitaldirako gonbidapenak prestatzen hasi garenean, ikaragarria da ikustea zenbat jendek parte hartu duen 25 urte hauetan. Askotan ahazten zaiguna, bazkidetzak duen garrantzia; NOAUA! K.E.-k ia 500 bazkide ditu baina 500 bazkideren langa hori ere gainditu zuen bere garaian. Une batean biztanleriaren %10-a NOAUA! K.E.-ren bazkide izatea esanguratsua da. Atxikimendu horren beharra izaten segitzen dugu. Bazkidetza kanpaina eta urteurrena elkar lotu izanaren arrazoia nagusiki hori da.

Transmisio ekitaldia ere izango da beraz, aurrera begirako atxikimendu horren beharrean sakonduko duena.
25 urte hauetan ezinbestekoa izan da eta hurrengo 25 urteotan ere hala izango da. Kontziente izan behar gara Usurbilgo belaunaldi batek beti ezagutu izan duela NOAUA! Usurbilen. Baina hori ez da posible atxikimendu edo babes hori gabe, transmisio hori ezinbestekoa da. Aurrera begira jarrita; NOAUA! Kultur Elkartearen zutabeetako bat izan da aldizkaria, eta gerora webgunea zein sare sozialak; kultura eta euskara izango genuke bigarren zutabea eta hirugarrena aisialdia eta gazteak.

“NOAUA!Fest”-ari begira bidalitako gonbidapen mezuak zer nolako erantzunak jasotzen ari dira?
Kanpaina abian jartzeko bideo bat egin genuen. Parte hartzeko deialditxo bat egin eta erantzun ona izan zuen. Han elkartu ginenen artean ikusten zen bazela gogoa...

Zerbait gehiagorako gogoz geratu ziren?
Sentsazio jori jaso genuen. Orain ere erantzuna oso ona izaten ari da. Ahalegin berezia egin dugu; gonbidapenak 25 urteotan parte hartu duten ahalik eta gehienei bidaltzen saiatu gara eta dagoeneko baiezko kopuru polita jaso dugu.

Publikoa ez da besoak gurutzaturik egongo.
Ekitaldia antolatzerakoan argi izan dugu, herritarren parte hartzea bultzatu nahi genuela, umoretik. Euskaldunok ere gustuko dugu mahai inguru batean egotea eta hori guztia jasoko du ekitaldi horrek.

Zein dago gonbidatua ekitaldira?
Noaua! bere sentitzen duen herritar oro, antolaketa lanak errazteko ahal bada aurrez izena emanda hobeto, bestela bertaratu frontoira.

Hemen ez dira bukatzen urteurren ospakizunak. Kulturaldia ate joka dugu.
Noaua!-rentzako urteko ziklo garrantzitsuenetakoa dugu. Egitaraua prest dago, berezia izango da eta 25 urteak ospatzeko ere aprobetxatuko dugu.

NOAUA!Fest
Eguna: urriak 23, larunbata.
Ordua: 18:30.
Tokia: Usurbilgo frontoia.
Zehaztasunak: "NOAUA! Kultur Elkarteak mende laurden bete du!!! Ez da marka makala eta hau zuri esker egin dugu. Herritik auzolanean jaiotako ekimena izan da Noaua! Eta aurrera begira ere herritik eta herriarentzako izaten jarraitu nahi dugu. Eta zuekin jarraitu nahi dugu erronka horretan. Herria herritik, beste 25 baietz!!! Eta nola ez, zurekin ospatu nahi dugu urteurren hau, sortzaileekin, kolaboratzaileekin, langileekin, banatzaileekin, auzotarrekin, herriko elkarteekin; zurekin HERRITARREKIN!!! Bertsoak, musika, jan-edana, dantza, jolasak eta batez ere... festa giroa! Izango dugu. Etorriko zara, ezta? Bestela EAMANGOAUE!".
Izen ematea: ahal bada aurrez izena eman, bestela frontoira agertu.
Antolatzailea: NOAUA! Kultur Elkartea.