Noaua!Fest

NOAUA! "Diyo" ere izan zitekeen

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 22a, 10:16

25 urte bete dituen kultur elkarte honek gordean zuen istorio eder bat segidan. 1996. urtean proiektu hau abiarazi zutenek oso gogoan izango dute.

Noaua! herritik sortu zen proiektua izan zela argi adierazten duen beste zantzu bat dugu honakoa: izenarena. Aldizkariari, kultur elkarteari izena jarri behar eta parte hartze prozesu berezi bat abiaraztea erabaki zuten sortzaileek. Herritarren proposamenak biltzeko zerrendak jarri zituzten establezimenduetan. Prozesu hartako dokumentazioa eskuratu dugu.

Itzela izan zen erantzuna; 675 proposamen bildu zituzten. Denetariko izenak, asko herri hizkeran ahotan sarritan hartutako hitzak, edota udalerri honetako leku izenak. Txiribogako zerrendan herritarrek eginiko ia 200 ekarpenen artean aurki ditzakegu, “Entzun hi!”, “Zizabila”, “Dayola”, “Banitxiek”, “Ezinkaitua”, “Txirikorda”, “Dema”, “Txaramunto”.

Ehunetik gora proposamen bildu zituzten baita Aitzagan; tartean, prozesu honen azken txanpara heldu eta lehia bizia eragingo zuten bi hautagai; “Diyo”, eta “Noaua!”. Zerrenda berean artean aurkitu ditugu baita, “Irisasi”,  “Lamaitz”,”Udarregi”, “Baldeu!”, “Nahikuaiu!”, “Lotsik ez”, “Eamangoaue”.

Patri tabernan, “Puela”, “Urbil”, “Urdaiaga”. Zendoian (garai hartan “Sunbeltz”) “Puntax”, “Herri berri”, “Noa Hua!”, “Majera”.  Udaletxe azpian kokatua zegoen liburutegian “Usurbil aldizkaria” besteak beste. Udaletxean “Hika mika”, “Berriketan”. Parrokian “Kupela”, “Auskalo”. Kale Nagusian kokatua zegoen Sagasti tabernan, “Hemendik”, “Hika mika”, “Ttaka-tteko”. Aizpurua okindegian “Abaraska”. Etxebeste kaleko “Laxoa” kafetegian  “Iñurkiña” eta “Iñaurkiña”. Labe-Txiki okindegian “Irakurtzan/k” edota azken faserako sailkatu zen “Learritz”. Egungo Benta tabernan (garai hartan K2), “Bota Pinuee”, “Zer esaten didazu?”, “Ahaldeu”. Antxetan “Usurbilko”. “Usurbil”, “Belmont”, hemen ere “Noaua!”, “Tximist”, ondoan kokatua zuen “Usurbil” izeneko tabernan. Egun NOAUA! K.E. kokatua dagoen egoitza orduan Gure Pakea elkartea zegoen; “Bordatxo” edota “Distira” proposamenak bildu zituzten bertan.

Lau fasetan
Segidan hiru soziedadeetan jasotako ekarpenak. Andatzpen, “Usurbil mintzo”, “Ttakatteko”, “Gaude”, “Usurbilen”... Aginagakoan “Andatza”, “Laiaketan”... Kalezarko Peña Pagolan, “Belmonte”, “Puntapax”, “Kontakatilu”, “Ana-erreka”, “Gazi-gozo-geza”. Sagardotegietan ere ipini zituzten zerrendak. Saizarren “Hitzurbil”, “Putzurbil” esaterako. Araetan “Kitto”, “Hemendik”, “Herri  berri”, “Usurbiltxo”. Begira zer zioten jatetxeetan. Zubietako Iruinen “Sagar-zulo”, “Tolare azpi”, “Irrintzi”. Txokoaldeko Zumetan, “Oso hurbil”, “U.H.A. Usurbilgo Herri Aldizkaria”...

Adibide batzuk baino ez dira. Aipaturikoez gain, establezimendu gehiagotan ere jarri zituzten zerrendak. Orduko aktetan irakurri ahal izan dugunez, gune batzuetan orrialdeak desagertu ziren, beste zenbaitetan ez zen proposamenik bildu, edota orrialde batzuk jaso gabe ere utzi zituzten.

Halere,  bistan denez, bazuten non aukeratua. Ez zuten lan erraza izan. 675 hautagai eta bakarra aukeratu behar. Lau fasetan banatu zuten bozketa prozesua. Lehenbizikorako 8 izen sailkatu ziren, hurrengora lau, gero hiru, eta azken bozketa saiora berdinduta igaro ziren bi hautagai; “Noahoa” eta Diyo”. Esan beharrik ez da zein izan zen hautatua, baina egokitzea erabaki zuten; “Noahoa”, ezaguna dugun “Noaua!” bilakatu zuten. Bildutako hainbat izen gainera, gerora aldizkari barruko atalak izendatzeko ere baliatu zituzten.

Hautaketa prozesua
-Fase irekia:
675 izen proposamen bildu zituzten herriko establezimenduetan jarri zituzten orrialdeetan.
-1. bozketa:
“Noahoa” : 10 bozka.
“Lamaitz”: 7 bozka.
“Itzurbil”: 5 bozka.
“Diyo”: 6 bozka.
“Irisasi”: 3 bozka.
“Eramangohaue”: 3 bozka.
“Legarritz”: bozka bat.
“Tolare”: bozka bat.

-2. bozketa:
“Noahoa”: 6 bozka.
“Diyo”: 5 bozka.
“Lamaitz”: 4 bozka.
“Itzurbil”: 2 bozka.

-3. bozketa:
“Noahoa”: 7 bozka.
“Diyo”: 7 bozka.
“Lamaitz”: 3 bozka.

-4. bozketa:
“Noahoa”: 10 bozka.
“Diyo”: 7 bozka.

“Noahoa” hautatu eta Noaua! izenean bilakatu zuten.