Errigoraren udazkeneko kanpainako otarrak eskatzeko aukera gaurtik

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 23a, 08:05

Nafarroa hegoaldeko euskalgintza laguntzea xede duen Errigoraren udazkeneko “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” kanpaina martxan da jada. Eskaerak online egin ditzakezue larunbat honetatik aurrera. NOAUA! K.E.-k bat egin du beste behin egitasmoarekin eta kultur elkarteko egoitzan ere bideratu ahalko dituzue eskabideak astelehenetik aurrera.

"Herriak egiten du herria" aldarripean, bueltan dator “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” Errigorak Ikastolen Elkartearekin, AEK-rekin eta Sortzen-ekin elkarlanean bideratu ohi duen urte garai honetako kanpaina. Urriaren 23tik azaroaren 11ra bideratu ahalko dituzue eskaerak NOAUA! K.E.-ren egoitzan, bestela online errigora.eus bidez. Hiru otar aukeran, eta otar bakoitzarekin 2022ko egutegia eskuratzeko aukera. 25 ekoizleek parte hartuko dute egitasmoan.  

Bildutako laguntzaren laurdena bertako euskalgintzara bideratuko dute. Baina izatez, laguntza hau indartu egingo dute, saskien balioa 5 euro igo baitute. “Ekarpen hori ezinbestekoa da zonaldeko ikastolentzat eta AEK-ren euskaltegientzat, baita sare publikoan D eredua sustatzeko dinamikentzat ere. Gainera, Agerraldia egitasmo berriaren iturburu eta sustengu ere bada”, Errigorak ohartarazi duenez. Auzolanean emandako urratsetatik jaio da hain zuzen Agerraldia, "euskararentzat aro berri bat zabaltzeko". 

2013. urtetik 1.400.000 eurotik gora bideratu dute "Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu". 

3 otar aukeran
1-Saski beltza (betikoa): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila ardoa, melokotoia almibarrean, melokotoi marmelada, tomate frijitua, potxak, teilak, mahats-zukua, piper-mamia, kardua.
Prezioa: 55 euro.
2-Saski berdea (ekologikoa): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila ardoa, ardo-ozpina, dilista lehorrak, arroza, pasta, barazki-menestra, sagar-zukua, teilak.
Prezioa: 65 euro.
3-Saski zuria (berezia): orburuak, zainzuri zuriak, pikillo piperrak, oliba-olio birjina estra, botila kriantza, ardo zuri apartsua, patxarana, pikillo marmelada, txokolatezko zigarretak, patxaran-pastak, polboroiak.
Prezioa: 75 euro.

Eskaerak: urriaren 23tik azaroaren 11ra. Online errigora.eus atarian edo NOAUA! K.E.-ren egoitzan.Informazio gehiago: errigora.eus