NOAUA!Fest

"Euskarak bezala NOAUA!-k ere gure konpromisoa eta jarrera aktiboa behar ditu"

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 08:31

Hala adierazi zuen NOAUA!-ren lehen zuzendari izandakoak, Olatz Altuna Zumetak, larunbatean frontoian ospaturiko 25. urtemugako NOAUA!Fest ospakizunean. Sorrerako garaia ekarri zuen gogora.

NOAUA! Kultur Elkarteak betetako 25 urteak oroitzeko tartea izan zen larunbatean frontoian ospaturiko NOAUA!Fest ekitaldi berezian, sortzaileen bertso nahiz hitzetan. Oholtza gainera igotzen lehenengoetarikoa hain zuzen, NOAUA!-k estreinakoz izandako zuzendaria izan zen; Olatz Altuna Zumeta. Hamaika bizipenez gogoratu eta denak kontatu ezin arren, 1996ko "solasaldi luze eta mamitsuak" ekarri zituen gogora, "eztabaida asko ere bai eta ordu txikietarainoko lan saio luzeak".

Garai hartan herri hedabideak puri-purian zirela oroitzen du Altunak "Usurbilen ere behar genuen bat gure neurrikoa, baina ez genuen komunikabide soil bat izan nahi". NOAUA! izena jasoko zuen egitasmo hark "herritik sortua, herrira begirakoa eta batez ere herriak egina" behar zuen. "Euskara zuen izateko arrazoi eta aktibismoa zuen motore".

Komunitatea eraikitzea, herritarrek elkarren berri izatea nahi zuten. Eta lortu zuten. "Jaio zenetik etenik gabekoa izan da herritarren inplikazioa, jakin nahiko nuke zenbat kolaboratzaileeek parte hartu duten. Asko eta denetarikoek", Altunaren esanetan.

"Zaila da irudikatzea Usurbil NOAUA! gabe"
Abiapuntua eta helmuga argi zuten. "NOAUA!-k kalea zuen sorleku, etxeetako sukaldean zuen helmuga". Euskara idatzia etxe guztietara heltzea zuen helburu Olatzen esanetan, baita erdaldunetara ere. "Euskalgintza eta herrigintza ulertzeko modu baten emaitza da NOAUA!". Eta 25 urte igaro ostean, "zaila da irudikatzea Usurbil NOAUA! gabe. NOAUA! gure asteroko errutinaren parte da".

Etxeko postontzira, ordenagailu nahiz mugikorrera "kasik oharkabean iristen zaigu". Proiektua sendotu den seinale Altunaren esanetan, "garai berrietara egokitzen jakin izan du eta egonkorra da". Baina baditu arreta jarri beharreko "alderdi arriskutsuak. Beti hor egoteak ikusezin bihur lezake eta berez datorren produktu soil bat izatera pasa daiteke". Eta horren aurka agertu zen nabarmen Altuna; "NOAUA!-k ezin du berez etorri, besteek egindakoa balitz bezala. Euskarak bezala NOAUA!-k ere gure konpromisoa eta jarrera aktiboa behar ditu egunez egun eta astez aste. Eta horrela iraun dezala urte luzerako".

Gogoan hartu beharreko mezua helarazi zigun; "ahaztu egin zaigu euskaraz aritzea korronte nagusiaren aurkako hautua dela, hautu ideologikoa da, euskaldunok modu kontzientean egiten dugun apustua, eta bai, euskaraz bizi nahi dugu". Horregatik zioen, egun oraindik "euskarak jarrera kontziente eta inplikazio soziala ezinbestean behar ditu"; NOAUA!-k bezala.