NOAUA!Fest

"NOAUA! txikitatik gertu izan dugu belaunaldi gazteenok"

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 08:17

Usurbil NOAUA! gabe bizi izan ez duen belaunaldi bat bada herrian. Belaunaldiotako gazte batek hartu zuen hitza larunbateko NOAUA!Fest ospakizunean; Haritz Rekondok.

Jaiotzerako eskuartean zuten NOAUA!. Usurbildar gazteenek txikitatik jaso dute etxean aldizkaria eta kultur elkarte bat egitasmo ezberdinak sustatzen ikusi dute; tartean aisialdiko hainbat egitasmo, garai batean euskal txokoak, gerora Udajolas edota azken urteotan Zirimara.

Haritz Rekondo gaztearen kasua da. "Bagara jada hainbat eta hainbat belaunaldi Usurbil NOAUA! gabe ezagutu ez dugunok. Txikitatik sukaldeko mahaian izan dugun aldizkaria izan da NOAUA!". Besteak beste, oroitzen zuenez, lagunen zorion agurrak ikusteko, Udarregi Ikastolako ekimenen irudiak... "Hasiera batean argazkiak ikusteko bakarrik bazen gerora gehiago irakurtzen hasi ginen". Urte hauetan guztietan zioenez, "beti izan dugu gertu NOAUA! eta gaur egun ere gazte bezala gertu dugun aldizkari eta elkarte bat da".

Gazteekin elkarlanean aritzearen garrantzia
"Aliatu eta bitarteko" gisa ikusten du Rekondok NOAUA!, "gure iritzia plazaratzeko, antolatutako edozein ekimen ikusarazteko", horretarako bideak aurkitzea "lan handia" eskatzen dien garai honetan. Horregatik, "gazte bezala oso eskertua nago NOAUA! alboan izatea, ez bakarrik bitarteko komunikatibo bezala". Kultur elkarteak jorratzen duen aisialdi eredua ere ahotan hartu zuen Haritzek larunbateko NOAUA!Fest ospakizunean. Zirimara edota Udajolas egitasmoak adibidez. "Bertan egiten dute lan herriko hainbat gazteek. Oso garrantzitsua da halako herri txiki batean aisialdi eredu euskaldun, anitz eta sendo baten alde egingo duen kultur elkarte bat egotea".

Eta egitasmo hauek, Rekondoren esanetan, "herriko gazteekin elkarlanean aurrera ateratzen diren proiektuak izatea, izan ere horrek ematen baitio benetako esentzia propioa egitasmoari eta horren bidez ateratzen baititugu aurrera herriko gazte eta txikienak".

"25 urtera geurea izango da oraindik"
"Beste 25 urte baietz!" dugu kultur elkarte honen urtemugari lotutako aldarri nagusietako bat; eta horrekin bat eginez amaitu zuen Haritzek, bere oholtza gaineko agerraldia. "NOAUA!k txikitatik gertu izan dugu belaunaldi gazteenok, gaur egun ere gertu dugu eta zalantzarik ez dago etorkizun batean ere,  25 urtera adibidez gertu izango dugula NOAUA!, geurea izango dela oraindik".