NOAUA!Fest

Bidelagun omenduekin ospatu genuen 25. urtemugako NOAUA!Fest

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 08:55

NOAUA! Kultur Elkartea babestuko zuen herririk gabe ez zen 25 urte betetzera helduko. Eta horren erakusle izan zen baita, mende laurdeneko NOAUA!Fest ospakizuna. Herriak babestu eta sustatu zuten larunbat arratsaldeko frontoiko ekitaldia.

25 urteotako ibilbidearen ispilu argia izan zen larunbateko NOAUA!Fest ospakizuna. Urtemuga nabarmentzeaz gain, bereziki NOAUA! Kultur Elkarte honek mende laurden honetan izandako bidelagunei gorazarre egin nahi zien, egitasmo hau laguntzen egindako ahaleginagatik eskerrak helarazi nahi zitzaizkien; guztien ordezkaritza zabala bildu zen frontoian.

25 urteotan izan duten jarrera aktiboaren erakusle, ekitaldian izan zuten parte hartzea. Ez zuten soilik oholtza gainera igotako herritarren hitz, bertso, musika emanaldi edota dantza saioaz gozatu. Zeregin eta zeresan zuzena izan zuten; herriari ezagutza jokoan jarri zuen antolakuntzak. Usurbili buruzko galdera ezberdinei erantzuteko lehian murgildu ziren. Parte hartzea otar eder batekin saritu zuten. Amaieran, albiste honi atxikitako talde argazkia atera zuten.