NOAUA!Fest

"Auzolanean egindako proiektua delako babestu behar dugu"

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 08:20

NOAUA! K.E.-ren 25. urtemuga festa, bidelagunei gorazarre egiteko ekitaldi berezia ere izan zen. Egitasmo hau lagundu eta mende laurdeneko bidea jorratzea ahalbidetu duzuen guztioi eskerrak baliatzeko baliatu genuen frontoiko hitzordua. Tartean, nola ez, kultur elkarteko bazkideoi urte hauetan guztietan egin duzuen ekarpenagatik. Arrazoiak badira bazkidetza bideratu ez baduzu, urrats hau emateko, Joxe Ramon Furundarenak nabarmendu zuenez. Kultur elkarteko bazkideak hartu zuen hitza NOAUA!Fest ekitaldian, duela 25 urte emandako urratsa oroitu eta herritarrei ere bazkide izatera animatzeko.

"Gogoan dut duela 25 urte, Sagardo Egunean herritar batzuk arrimatu zitzaizkigun esanez kultur elkarte berri bat martxan jarri behar zutela, aldizkari bat sortu behar zutela eta bazkide egiteko". Bitan pentsatu gabe, "emaztea eta biok segituan apuntatu ginen". Eta ez direla damutu aipatu zuen Furundarenak NOAUA!Fest ekitaldian. "Ikusita zenbat lan egin duzuen eskerrak eman NOAUA!koei, benetan oso pozik gaudelako bazkide izatearekin".

Aipatu moduan, bazkidetzeko deia egin zuen. Badela arrazoi bat baino gehiago; batetik, "herritik sortutako proiektu bat delako, auzolanean egindako proiektua delako babestu behar dugu".

Ezin garrantzitsuagotzat jotzen zuen, beste hizkuntzan nagusi diren komunikazioaren esparruan, izan telebista, mugikor edo prentsa idatzia, "unibertso horretan aldizkari bat izatea euskaraz landua eta elkarte bat euskal kultura bultzatzen duena, oso oso garrantzitsua da".

"Nik neurea sentitzen dut"
Erreferentzat jotzen du NOAUA! K.E., "herritar guztiok osatzen dugun komunitatearentzako, eta horregatik ere zaindu beharrekoa dela iruditzen zait". Bai hedabide gisa, baita kultur elkarte gisa ere. "Etxe guztietara heltzen den aldizkari bat da, nik neurea sentitzen dut. Oso irekia den elkartea da, jende askori laguntzen diguna". Furundarena Jexux Artze Kultur Elkarteko kide ere bada. "Kultur elkartetik ere esan nahi dugu asko laguntzen digula eta elkartearen izenean ere eskerrak eman nahi dizkiogu NOAUA!-ri".

Erabilgarritzat jotzen du hedabide hau. "Komertzioak dituzten guztientzako erakusleiho onena da. Zer ondo etortzen zaigun herrian antolatzen diren ekintza guztien agenda izatea. Auzo guztietan antolatzen diren ekintzen informazio landua ematen digute eta hori eskertzekoa da. Udalaren jarduna jarraitzeko aukera handia ematen digute, jarraipen oso garrantzitsua egiten dute. Aukera handia ematen du lana eskaini edo eskatu nahi denean, salerosketak egiteko plataforma oso ona da herritar guztiengana iristeko. Banakako guztiok daukagu aukera iritziak eta hausnarketak bertan argitaratzeko. Kexa edo informazioren bat atera nahi badugu, idatzi bat bidaltzen dugu eta badakigu etxe guztierara iritsiko dela eta horrek urrea balio du".

Hamaika arrazoi beraz bere esanetan. "Herriak sortutako proiektua delako, herritarrok zaindu eta babestu behar dugulako, gora NOAUA!" esanez amaitu zuen Furundarenak.