Elkarbizitza plana aurkeztuko du Udalak gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 26a, 11:13

"Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" diagnosian oinarrituta, herritarren arteko elkarbizitzan sakondu nahi duen plana aurkeztuko du Usurbilgo Udalak astearte honetan, urriaren 26an. Herritarren talde bat ere osatu nahi dute hitzordu honetan. Usurbilkultura.eus plataforman izena eman ez baduzue, sarrerak kultur-etxean bertan izango dituzue eskuragarri.

Diagnositik planera eta planetik herritarren bilgunea sortzera. Hiru urratsotan laburbildu daiteke, herri honetako jatorri aniztasunari lotuta Usurbilgo Udaletik bideratzen ari diren prozesua. Iaz, "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" izeneko diagnosia landu zuen Aztikerrek Udalak eskatuta. "Migrazioen inguruko esperientziak eta diskurtsoak bildu eta guztien arteko elkarbizitzan sakontzea" zuen helburu.

Martxoa amaieran ospaturiko Mundualdi berezian estreinakoz proiektaturiko "Migrazioari maskarak erauzten" dokumentala ere grabatu zuten, "gaiari ikusgaitasun handiagoa emate aldera", Udalaren esanetan.

Urrats berri bat emango dute orain; diagnosi hartan oinarrituta, etorkizunera begira jorratu beharreko bidea marrazten duen herritarren arteko elkarbizitza sustatzeko plana aurkeztuko du Usurbilgo Udalak, datorren urriaren 26an, arratsaldeko 18:00etan Sutegiko auditorioan. Ekitaldira joateko usurbilkultura.eus plataforman eman ahalko da izena aurrez, edo 943 377 110 telefono zenbakira deituta. Ez da planaren aurkezpen soila izango, hitzordu honetan haratago joan eta gaian sakontzeko "herritarren talde bat osatzea ere izango du helburu" ekitaldiak, Udaletik gaineratu dutenez.