"Udazkena liburutegian"

"Irudipuinak" asteazkenean, ipuin kontaketa eta marrazketa saioa zuzenean

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 25a, 10:33

Marrazketa eta ipuin kontaketa uztartuko dituen "Irudipuinak" saioa iragarri dute "Udazkena Liburutegian" zikloaren baitan urriaren 27rako. Azaroa amaierara arte, asteazkenero hitzordu bat antolatu dute.

"Udazkena liburutegian" zikloaren baitan antolatu zuen iragan astean Sutegi udal liburutegiak "Miñan" liburuaren aurkezpena. Baita, udaberrian bertan behera utzi behar izan zuten "Irudipuinak" emanaldia ere; urriaren 27an antolatzea erabaki dute, 18:00etan kultur-etxeko auditorioan. Ixabel Agirresarobek ipuin kontalari gisa jardungo du eta artean, Mattin zuzenean marrazten ariko da. Ekitaldirako izena aurrez bidera dezakezue usurbilkultura.eus plataforman.

Hitzordu gehiago azaroan
"Udazkena Liburutegian" zikloak segida izango du azaroan. Hilaren 3an 19:00etan Ibon Martin idazlea gonbidatu dute kultur-etxera, bere eleberriei buruzko solasaldia eskaintzera. Hilaren 17an bestalde, "Iker Karrera, bidea ipar" liburu aurkezpena, Karrerarekin eta liburuaren idazle Unai Ugartemendiarekin. Tartean, azaroaren 10ean, "Kolorez jantzita" ipuin musikatua iragarri dute, 3-7 urte artekoentzat. Gaztetxoentzako beste hitzordu bat baita, azaroaren 24an; "MagiaZ: magia eta zientzia uztartuz" saioa Marsel magoarekin. Kultur ziklo betean dira Sutegi udal liburutegikoak.