“Herritarrak hikaratu nahi ditugu”

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 26a, 12:16

“Hikaratu, beldurrik gabe!” aldarripean hitanoaren ezagutza eta erabilera sustatzeko ekintza sorta iragarri du Euskara Aholku Taldeak datozen asteotarako.

Horietako bat, asteotan bertan aurkeztu duten hitanoari buruzko ikastaroa duzue. Baina hitzordu gehiago ere badira, aipatu herri bilgunetik iragarri dutenez. “Hikalagun dinamika sustatzea edo gazteekin lanketa berezia egitea. Horrez gain, Euskararen Egunerako, abenduaren 3rako, egitarau berezia prestatzen ari dira”.

Hikalagun dinamikari dagokionez, ezaguna zaigun Mintzalagunen antzekoa izango da; “bi figura elkartu nahi dituzte hika moldatzen direnak eta hika aritzeko prest bai baina laguntza behar dutenak”. Hikalagun izateko izen-ematea zabalik dute; usurbil@aek.eus helbidera idatzita edo 607 609 379 telefono zenbakira deituta. “Elkar ezagutu eta elkarri lagunduta, beldurrak uxatzen hasteko aukera izango da: horregatik egin nahi diegu deia hika menperatzen duten horiei, garrantzitsuak baitira hika aritu nahi dutenei erakusteko”. Gazteekin ere gaia landu nahi dute tresnak eta baliabideak eskainiz, “pixkanaka, hikaratu daitezen”. Euskararen Egunerako prestatzen ari direnari buruzko xehetasunak aurrerago eskaintzekotan da Euskara Aholku Taldea.

Abian azkarren jarriko duten dinamika, hitanoari buruzko ikastaroa izango da. Azaroko astearteetan eskainiko dute, hilaren 2tik 30era Potxoenean, Etumeta AEK euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiaren eskutik. “Zerotik abiatzen direnentzako hikaren oinarriak lantzeko aukera paregabea izango da”, nabarmendu du udaleko euskara zinegotzi Oxkar Santamariak. Toka eta noka landuko dituzte parte hartzaileek, “arreta berezia jarriko zaio nokari”. Teoria eta praktika uztartuko dituzten saiootarako izena aurrez eman beharko da kultura@usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 371 999 telefono zenbakira deituta.

“Aspaldiko nahia”
Udazken hasiera honetan eginiko bileran erabaki zuen Euskara Aholku Taldeak hitanoa sustatzeko ekimenok martxan jartzea. Bilgune honetako kide dira NOAUA! K.E., Etumeta AEK euskaltegia, Udarregi Ikastola, Udala edota hainbat norbanako. Ondoko argazkian dituzue hainbat ordezkari, Ainara Azpiazu Aduriz “Axpik” kanpaina honetarako sortutako irudiaren bueltan.

“Herritarrak hikaratu nahi ditugu. Alegia, beldurrik gabe hika aritzeko gonbita egin. Aspaldiko nahia dugu halako dinamika bat sortzearena. Herritar ugarik esan digute ikasi nahi dutela edo inguruan entzun badute ere egiteak lotsa edo beldurra ematen diela; izan ere, transmisioan izugarrizko etena egon da, eta gure aiton-amonen garaian ohikoa zena, egun gero eta ezohikoagoa da. Esparru askotan erabil liteke, arauak ez baitaude idatzita, baina uste dugu, esaterako, lagunarterako tratamendu aparta dela, jolastia, gertukoa. Euskararekin gozatzeko beste aukera bat da. Are gehiago, tokiko aldaera daukagu, eta beronen ezaugarriak ere ezagutaraztea garrantzitsua da”, nabarmendu du Oxkar Santamaria Euskara zinegotziak.