"Non", Neona taldekoen abesti berria

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 26a, 09:15

Hurrengo diskoko abestietako baten bertsio akustikoa entzungai duzue jada.

Kantu berri bat iragarri zuten eta plazaratu dute; Neona taldearen "Non" abestia entzungai duzue sarean. "Non" akustikoa kaleratu da", berri eman dute taldetik. "Calle Sonorarekin" grabaturiko kanta da honakoa. Taldeak iragarri duenez, "gure hurrengo diskoko kantu baten bertsio akustikoa".

"Bueltan gara!", hala iragarri zuen berriki Neona (garai batean Natali) Usurbilgo musika taldeak. Adi egoteko gonbita luzatzen zuten, "gauzak datoz..." ohartarazi zuten. "Neonak bidaia luze bat igaro du hilabete hauetan zehar, eta pixkanaka hasi da azaltzen bide bukaerako argi hori". Hilabete honetako lehen ezusteko gisa iragarritakoa duzue abesti berri hau.


Orain, Neona
Lehen Natali, orain Neona. Izenez aldatu zuen urte hasieran herriko musika taldeak. Bigarren diskorako abesti sorta grabatu berritan elakrrizketatu zuen NOAUA!-k.

NOAUA! Izena aldatu berri diozue taldeari, zer dela eta? Zergatik Neona Band?
Natali Izagirre: Izena aldatzea modu naturalean sortu da. Azken urte honetan buelta asko eman dizkiogu kontu horri. Talde modura funtzionatzen dugu guk, eta lehen diska atera genuenean Ixak eta nire arteko proiektu bat zen. Nire abestiak ziren batik bat, eta Ixaken laguntzarekin atera genuen aurrera proiektua. Garai hartan bazuen zentzu hura, baina azken boladan talde moduan egin dugu lan. Nahiz eta abestien letrak eta konposaketa Ixak eta bion artean egin, lan hori musikalki janzteaz denok arduratu gara talde izaera indartsu batekin. Zentzu horretan, taldearen izena Natali izateak zentzua galdu zuen, eta izen berri bat bilatu beharra geneukan. Inoiz bakarkako ibilbidearekin jarraitu nahi badut, Natali izena izango luke proiektuak eta horretarako gordeko nuke. Neona izena jartzea erabaki genuen eta zerotik hasitako proiektu bat da nolabait. Zergatik Neona? Ez zaigu erraza egin izen bat erabakitzea. Paper batean burutazio guztiak jartzen aritu ginen, baina ez genuen aproposena topatzen. Azkenean Neona erabaki genuen. Mugikorrean hiru izen berri nekartzan, eta irakurri egin nizkien, horien artean Neona. Izen hura irakurri nuenean, denoi iruditu zitzaigun oso egokia. Ilargi berria esan nahi du atzerriko hizkuntza batean. Mezu hori oso egokia iruditu zitzaigun gure taldearen eraberritzea sinbolizatzen duelako, eta izena ere polita iruditu zitzaigun.

Aro berri baten aurrean gaudela esan daiteke? Kontzertuak aurreikusita dauzkazue?
Taldearen izaera berri bat aterako da hemendik. Orain konposatzen ari garen kantuak azkarragoak eta dantzagarriagoak dira, landuagoak dira eta hobeto pentsatuak. Garai hauetan kontzertuak izatea ere ez da erraza eta gu ere ez gara bila ari. Abesti berriak egin eta diska berri batean lanean ari gara. Maiatza edo ekaina aldera Astarbe sagardotegian kontzertu bat eskaintzea aurreikusita daukagu, baina oraindik zehazteke daukagu. Irailerako ere deitu digute kontzertu bat proposatzeko, baina gainontzean ez daukagu ezer zehaztuta.

Abesti berri bat grabatu berri duzue, hala ere. Non eta noiz izango dugu eskuratzeko aukera?
Garate Estudioetan izan gara berriki bigarren diskoaren lehen grabaketetan. Lehenengo diskoa ere bertan grabatu genuen, eta emaitza asko gustatu zitzaigunez haiekin errepikatzea erabaki dugu. Kakirekin ere harreman ona dugu, eta abestiak grabatzen aritu gara Kakirekin eta Martxelekin. Momentuz abesti bat kaleratzeko asmoa daukagu, single bat izango da: nire geltokia. Bideoklip eta guzti aterako da, gainera. Oraindik zehazteke daukagu noiz aterako den, baina maiatza amaitzerako izatea nahiko genuke. Gainontzean, beste pare bat single ere diska baino lehen kaleratzeko asmoa daukagu aurrerapen modura Neonaren izaera pixka bat erakusten hasteko.