"Usurbil harrera herri bat izatea lortu beharko genuke". Usurbilgo Udaletik etorkizunera begira jarria duen erronka hau betetzeko bide-orria diseinatu du, astearte honetan Sutegin aurkeztu dutena. Iaz "Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen" egitasmoaren baitan Udalaren enkarguz Aztikerrek eginiko diagnosian oinarrituriko elkarbizitza plana. Zerrendatuak dituzte helburuak, helburu bakoitza betetzeko lehentasun maila ezberdineko ekintza sorta, eta baita lehen urrats zehatzak ere epe motzera. Ate joka dugun 2022. urtera begira, udaleko gizarte zerbitzuen saileko buru Maria Salsamendik kultur-etxeko auditorioko saioan zioenez, egitasmo hau bideratzeko "baliabideak areagotu egingo ditu" Udalak datorren urtean.
Bide hau halere ez dute bakarrik egin nahi, bidelagun izan nahi dute herria, jatorri ezberdineko herritarrak eta eragileak. "Argi duguna da zuekin batera egin beharra daukagula" bidea. Horretarako, Kontseilu moduko bat, sortu nahi dute. "Herritarren eta Udalaren artean osatuko dugun lan gunea" izango dela iragarri zuen Salsamendik. Parte hartzeko gonbita luzatu zuen.
Aniztasuna nola kudeatu?
Plana iaz Aztikerrek Udalaren enkarguz eginiko ikerlanean oinarritua dago. Aztikerreko ordezkari Enara Eizagirrek egitasmo honen "zeharlerroko izaera" nabarmendu zuen Sutegiko aurkezpenean. Gaia ere hala delako, plan honen garapenari ere modu berean erantzutea du helburu. "Proposamen hau helarazten dizuegu eta zuen esku geratzen da pixkanaka hobetzen joatea", zioen Eizagirrek.
Azterlana aipatu moduan iaz bideratu zuten, galdera bikoitz honetatik abiatuta; "Usurbil herri anitza izanda nola kudeatu daiteke aniztasun hori? Nola bizi dute herritarrek eta nondik sor daiteke harremana herritarren artean?". Ikerketa haren bueltan oinarritu dute astearte honetan aurkeztu duten datozen urteei begirako ekintza plana. 20 elkarrizketa sakon egin zizkieten beste hainbeste usurbildarrei. "Hortik haien diskurtsoak, esperientziak" jaso zituztela azaldu zuen Eizagirrek, "jatorri eta kultur aniztasunari dagokionez", beti ere Usurbilgo errealitatetik jorratuta.
Gero zazpi saio antolatu zituzten ikerlan hau plazaratu eta etorkizunera begirako ekintza proposamenak biltzeko. Hortik "ekintza posible batzuk" definitu zituen Aztikerrek. Udal sail ezberdinetako teknikariekin kontrastatu eta astarte honetan aurkezturiko plana diseinatu zuten.
"Ezezaguna zaiguna ezagutu, ikusezina dena ikustarazi"
Azterketa fasean zehar baliaturiko lanabes nagusia goraipatu zuen Sutegiko aurkezpenean, Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak; elkarrizketarena. "Zuei entzutea, sarri askotan egiten ez dakiguna tamalez". Aipatu moduan hainbat lekukotza bildu zituzten eta hortik sortu zen, iragan martxoko Mundualdian aurkeztu zuten "migrazioari maskarak erauzten" dokumentala sortzeko ideia. Modu horretan, "Usurbildarrei beren herrikideak ezagutzeko tresna eskaini nahi izan genien".
Migrazioari begirada horretatik "so egitea" ezinbestekotzat jotzen du alkateak. "Ezezaguna zaiguna ezagutu, ikusezina dena ikustarazi, hitz batean migrazioari maskarak erauzi". Eta maskarak erauztea aski ez dela adieraziz, asteartean aurkezturikoa, "dokumentu bat baino gehiago da, arlo honetan udalaren jarduna gidatuko duen plan bat, gure bide-orria, zuekin batera eskutik helduta garatu nahiko genukeena".
ELKARBIZITZA PLANA
Helburuak
1-Iritsi berrien oinarrizko beharrak asetu eta asistentzia eskaini.
2-Usurbildar ezberdinen arteko ezagutza eta harremanak sustatu.
3-Sentsibilizazioa eta formazioa helburu duten ekintzak.
Ekintza nagusiak
Besteak beste:
1-Iritsi berrien oinarrizko beharrak asetu eta asistentzia eskaintzeko:
-Iritsiera eta harrera protokoloa eta gida osatu/berritzea.
-Enpleguan egoera zaurgarrian diren migratzaileekin lanketa enplegagarritasuna eta lan egoera hobetzeko.
-Euskara ikasketa eskaintza egokitua abiaraztea.
-Aholkularitza juridikoa eskaintzeko zerbitzua.
-Santuenean interbentzio zehatzak zerbitzuak hobetzeko.
2-Usurbildar ezberdinen arteko ezagutza eta harremanak sustatzeko:
-Mundualdia bezalako jarduerak urtean zehar.
-Herriko haurrak herritik kanpoko hezkuntza zentroetan matrikulatzeko dituzten arrazoien azterketa; gurasoak herriko hezkuntza zentroei buruz informatzeko protokoloa diseinatzea.
-Jatorri desberdinetako herritarrengana heltzeko komunikazio kanalak eta hizkuntza irizpideen lanketa.
-"Zubigileak" erreferentziazko pertsonen sarea sortu komunitate eta kolektibo zehatzekin harremanak bideratzeko.
-Herriko gazteak eskolaz kanpoko jardueretan Usurbila gerturatzeko plana.
3-Sentsibilizazioa eta formazioa helburu duten ekintzak.
-Saioak kulturartekotasuna balio positibo moduan sustatzeko.
-Santuenearen historia eta auzoa balioan jartzeko jarduerak.
-Aniztasun Mahaia osatzea Udal Sailetako ordezkariekin, jatorri ezberdinetako herritar eta eragileekin.