Hiru herritar eta ogibide anitz, azaroaren 1eko Artisau Azokan

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 28a

Iazko etenaldiaren ostean, artisauen bilgunean bilakatuko da berriz frontoia, azaroaren lehenean.

Covid19a gure artera heldu aurreko bizimodua berreskuratzen jarraitzen dugun seinale, herri bizitzara bueltan datozen tradizio luzeko hitzorduak. Iaz hain zuzen, osasun krisialdiak ospatzea eragotzitako Artisau Azoka dugu itzulera horien artean. Azaroaren 1ean frontoia, artisauen topagunean bilakatuko da. Edizio borobilera heldu da gainera Aitzaga Elkarteak antolaturiko ekimena, 25. aldiz ospatuko baita.

Mende laurdenera helduta, ez ditu ohiko osagaiak faltako; osteratxoa egin, denetariko ogibideak ezagutu nahiz erosketatxoren bat egitea ahalbidetuko duten artisauen postuak. Pilotalekuko bisitaldian, hiru herritar aurkituko dituzue gainera. Batetik Zorione Mendez Martin, "Marrak" proiektuarekin. Aste honetako aldizkarirako eskaini duen elkarrizketan aurreratu duenez, "ilustrazioak, poltsak, kamisetak, agendak, koadernoak... Ilustrazioak eta osagarriak izango ditut postuan".

Gertu izango ditu beste bi herrikide. Batetik, Jurgi Fuentes Goikoetxea adargilea. Estreinakoz osasun krisialdiaren aurreko azken azokan egokitu zuen postua. "
Aurten ere antzeko, adarrak eta maskorrak jarriko ditut. Aurrekoan nire bildumakoak ziren aurtengoak ordea denak nik egindakoak. Berrikuntza moduan haurrentzako adar txikiak ere prestatu ditut", iragarri dio hedabide honi eskainitako elkarrizketan.

Estreinakoz postua jarri duen herritarrik ere animatu da; Inma Arroyo Iruretagoiena. "Nire aurreneko aldia da", adierazi dio NOAUA!ri eskainitako elkarrizketan. "Maitasunez" izenburupean, erabilitako objektuak birziklatzen ditu apaingarri bilakatuz.

Aste honetako aldizkarian jaso dezakezue hiru herritarron jardueren berri.

Ogibide anitz
Hiru herritar, hiru ogibide. Baina izango dira gehiago ere azaroaren 1eko Artisau Azokan. Aitzaga Elkarteak antolaturiko ekimenaren 25. edizio honek ere denetariko artisau lanak bilduko ditu pilotalekuan. Antolakuntzak helarazitako ondoko kartelean irakur daitekeen moduan, bitxigintza, larrugintza, egur lanketa, beira, keramika, otargintza, metalgintza, harriak, ukenduak, makramea, pilotak, haziak...". Denetariko postuak izango dira Artisau Azokan. Aipatu moduan, azaroaren lehenean goiz eta eguerdi partean frontoian.

Antolakuntza pozik da, iazko etenaldiaren ostean, aurten bai, ibilbide luzeko eta harrera ezinhobea izan duen azoka berreskuratu ahal izan dutelako.