“Txalaparta Eskolaren bidez, herri dinamika sortu nahi dugu”

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 28a

Jexux Artzeren heriotzarekin eten zen transmisio katea berreskuratzera doa Jexux Artze K.E, Zumarte Musika Eskolarekin eta Usurbilgo Udalarekin elkarlanean azaroan irekiko duten Txalaparta Eskolaren bidez. Izen emateko bideok dituzue: txalapartairakasle@gmail.com / 695 716 878. Klaseak emango dituen irakasle Sergio Lamuedrarekin eta Jexux Artze K.E.-ko kide Iñigo Etxanizekin bildu da NOAUA!.

Txalaparta Eskola zabaltzear zarete. Herritar ororentzat?
Sergio Lamuedra: Bai, ez da aldez aurreko ezagutzarik behar. Hernaniarra naiz, Juan Mari Beltranekin ikasi nuen duela 34 bat urte. Bi eskola zeuden Euskal Herri mailan, Hernanikoa Beltranekin eta Usurbilgoa Artzetarrena, aitzindariak izan ziren. Gure artean oso harreman estua eta aberasgarria zegoen, elkarregandik ikasten genuen. Jexux zendu eta hor katea eten zen 2002an. Egitasmo honekin urte askotan egon den etenaldiaren ostean, Usurbilgo historia berreskuratzen ari gara. Horren parte izateak ilusio handia ematen dit. Horren erreleboa hartzea oso berezia da niretzat. 

Zer helbururekin abiarazi nahi duzue eskola?
Iñigo Etxaniz: Usurbilen txalapartari harrobi dezentekoa egon zen, baina denborarekin desagertzen joan da. Usurbilen txalapartak izandako garrantzia galtzen joan da. Gure asmoa lehenbizi klaseekin hasi eta gero herrira zabaltzea litzateke, Usurbilek txalapartarekin izan duen historia berpiztea.
S.L.: Txalaparta eskola da izango da ardatza, bilgunea. Hortik aterako dira proiektu guztiak, hor izango dute harreman handia txalapartari desberdinek. Eskolatik aterako lirateke buruan dugun Txalaparta Eguna, eskoletan lan didaktiko edo zabalkuntza lana egitea... Garai batean Usurbilek zuen izen hori berreskuratzea.

Zer sentitzen duzue txalaparta entzutean?
S.L.:
Soinu aldetik ematen dituen aukerak mugagabeak dira. Horregatik ez dago txalaparta estandar bat. Artzetarrak lau ohol erabiltzen hasi ziren, baina egun soinu aldetik erabat anitzak dira, egur mota desberdinak erabiltzen dira, bidoiak iraulita…

Bizipen askori lotutako musika instrumentua dugu.
S.L.:
Txalaparta 60. hamarkadan ia erabat desagertuta egotetik ikurrean bilakatu da, Ez Dok Amairu mugimenduaren bidez, Artze eta Beltran anaiak aritu ziren berreskuratzen. Garapen horren parte bat bizi dut; itzela izan da nola txertatu den herriaren bizitzan. Klaseak ematen ditut, txalapartari bezala badugu gure proiektua, Kimu. Ospakizunetan, kongresuetan, atzerrian ibili naiz. Jendea txundituta geratzen da. Beti euskararekin alderatzen dut. Familia linguistiko desberdinak daude Europan, eta irla batean hor dago euskara. Txalapartarekin gauza bera gertatzen da. Musika egiteko hain modu berezi hau, hemen bakarrik dugu. Harro egon behar gara altxor bat berreskuratzen jakin izan dugulako eta berreskuratze horretan Usurbil eta Hernani aitzindariak izan zirelako.

Nola antolatu duzue ikasturtea?
S.L.:
Iaz Zumartek ikastaro bat antolatu zuen. Jexux Artze K.E.-k kudeaturiko lehen ikasturtea hasiko da musika eskolan. Lankidetza hitzarmena adostu dugu Zumarterekin, udalaren oniritzia dugu. Materiala osatzen joan behar gara. Klaseak normalean talde murriztuentzat ematen ditut. Norbere maila oso kontuan izaten dut. Ahalik eta erraztasun handiena ematen dugu. Txalaparta Eskolaren bidez, herri dinamika sortu nahi dugu.


“Oso belarri ona genuela esaten zigun Jexuxek”
Nola oroitzen duzu Jexux Artzeren ikasle zineteneko garai hura?
Iñigo Etxaniz:
Atxegaldeko lokal batean entseatzen genuen. Oso oroitzapen politak ditut. Gogoan dut ibilaldi bat egin zela Zumaia eta Usurbil artean, bidea txalapartariek girotua. Ez zen ezagutzen asko txalaparta. Gogoan dut anaia eta biok lehen aldiz plazan jotzen. Irratikoak etorri ziren biharamunean gu elkarrizketatzera, gu harrituta.

Jexux izan zenuen irakasle. Nolakoa zen bere irakasteko modua?
I.E.:
Artzetarrek plazan jo zuten batean harrituta geratu nintzen soinu horrekin. Txalapartarekin jotzen genituen kantak grabatzen zituen, gero entzunarazteko. Oso belarri ona genuela esaten zigun, taldeko txikienak ginen. Jexux hil zenean pixkanaka galtzen joan zen eta guk pena hori genuen. Zarautzen Sergiok ikastaroak ematen zituela ikusi nuenean, klaseetara itzuli nintzen. Sergio ikastaroak beste herri batzuetara zabaltzeko asmotan zela ikusi nuenean, Usurbilera ekartzeko aukera ikusi nuen. Ikusi genuen baita Jexux Artze K.E.-n errelebo beharrean zirela eta, elkarteak duen garrantzia ikusita, eskola bilgunen honen bidez bultzatzea zela onena ikusi genuen. Egoki ikusi zuten kideek txalapartak izandako garrantzia hori berreskuratzea eta elkartea indartzea.