Erlojuak "neguko ordutegira" egokitzeko garaia heldu zaigu. Ohi bezala, urriko azken asteburuarekin batera, gailuotako orratzak mugitzeko unea da. Gogoan izan, igande goizaldeko 3:00etan 2:00ak izango dira. Ordubete gehiago beraz, larunbatetik iganderako gau horretan. Etzitik, urriaren 31tik aurrera goizago ilunduko du arratsalde partean.
Ordutegi honetan segiko dugu 2022ko martxoaren 27ra arte; igande goizalde horretan berriz, 2:00etan 3:00ak izango dira eta "udako ordutegira" egokitu beharko ditugu erlojuak. Bai Euskal Herrian, baita Europan ere.
Ordutegi "aldakorra" momentuz
Azken urteotan bizirik da, urte osoan ordutegi finkoa izateko eztabaida. Duela urtebete, garai honetan, Europako Parlamentuan 2021erako praktika hau ezabatzeko eztabaida betean zirela berri eman zuten hedabideek.
Europako estatu bakoitzak udako edo neguko ordutegian geratuko diren erabaki beharra zutela. Udakoan geratzea erabakitzen zutenek, litekeena zela 2021eko martxoan ordutegia azken aldiz aldatzea. Negukoaren aldeko apustua egiten zutenek, 2021eko urrian aldatu beharko zutela azken aldiz ordutegiz. Urtebete beranduago, aldaketarik ez. Momentuz, asteburu honetan ordutegiz aldatu beharko dugu, baita aipatu moduan, 2022ko martxoan ere. Hortik aurrera zer gerta daitekeen ikusteke da oraindik.