Behobia-Donostia lasterketa, Gipuzkoako kirol ekitaldirik nabarmenenetako bat, 2020an bertan behera utzi zuten pandemiaren ondorioz. Leyre Lobato Urbil merkataritza-guneko gerentea eta Fernando Ibarreta Fortuna Kirol Elkarteko presidentea Behobia Txiki-ren XIV. edizioari buruz hitz egiteko bildu dira berriki, txikienen artean kirola sustatzeko. Osasun-neurri guztiak kontuan izan dituzte antolaketa orotan.
Izena eman ondoren, datorren azaroaren 13an, larunbata, 15:00etatik aurrera Anoetako miniestadioan izango dute zita partehartzaileek. Bertan, 4 eta 13 urte bitarteko 1.500 haurrek hartuko dute parte.
Urbilek gune bat jarriko du azaroaren 5etik 12ra merkataritza-guneko oinezkoentzako sarbide nagusian, eta bertan, jasoko dira 2021eko Behobia Txikirako dortsalak. Horiek jasotzeko ordutegia honako hau izango da: astelehenetik larunbatera, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 20:00etara; eta igandean, 12:00etatik 14:00etara eta 16:00etatik 19:00etara.
Lankidetza honen bidez, Urbilek Origen-Jatorria proiektuan aurrera egiten jarraitu nahi du, oraingo honetan tokiko kirola babestuz, NBE-ren Garapen Jasangarriko Helburuak babesteko konpromisoa indartuz.