DravetTzari erakusketa ikusgai Urbilen

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 29a

Urbilek DravetTzari proiektuarekin elkarlanean dihardu, Dravet Sindromeari buruzko gizarte kontzientzia sortzeko, euskal kulturak gizartea eraldatzeko elementu gisa dituen aukerei balioa emanez. Erakusketa azaroaren 10era arte bisitatu ahal izango da, merkataritza-guneko elkargunean.

Urbil merkataritza-guneak, Gero Axular Kultur Taldea eta Apoyo Dravet dantza ikuskizunetarako soilik diseinatutako euskal jantzi tradizionalen erakusketa bat jarriko du azaroaren 10a bitarte. Euskal kultura tresna sozial-inklusibo gisa sustatzeko helburuarekin, merkataritza-guneak jendeari jantzi bakoitzaren ezaugarriak ezagutzeko (Emauseko zentro okupazionalean egindako manikietan erakusgai) eta Dravet Sindromea duen kideren bat duten familiak egunerokoan nola bizi diren jakiteko aukera emango du.

 

Erakusketak gaixotasuna duen 15 urteko dantzari baten istorioa erakusten du, Gero

Axularren jardueretan, dantzan eta kantuan, parte hartzen duena eta Apoyo Dravet elkarteko kidea dena. Urriaren 30ean, larunbat honetan, arratsaldeko 17:00etan, dantzari eta txistulari banak ekitaldia egingo dute. Horrela, oso ezagunak ez diren ahultasun-egoerak ikusarazi nahi dituzte, hala nola Draveten sindromea, eta kontzientziazio- eta laguntza-espazioak sortzeko. 

 

Ekintza berri hau, Jatorria iraunkortasun-proiektuaren barnean dago, NBE-ren 17 Garapen Jasangarriko Helburuetan oinarritua dagoena. Ekintza hau Osasuna eta ongizatea eta Kalitatezko hezkuntza helburuetan oinarrituta dago.