25. Artisau Azoka

Zorione Mendez Martin: “Gustatzen zaidan plaza hori da, azokena”

Noaua Aldizkaria 2021eko urriaren 30a

"Marrak" proiektuarekin parte hartuko du Zorione Mendez Martinek, Aitzaga Elkarteak antolatuta astelehenean frontoian ospatuko den 25. Artisau Azokan.

Bidaia batetik itzuli berria zara?
Zorione Mendez Martin:
Salamancako San Martin del Castañarreko Biosfera gazteluan erakusketa jartzetik nator. Erakusketaren aitzakiarekin egun batzuk bertan izan naiz oporretan. Azaroaren 1etik urte amaierara arte, Itziarko Burugorri ostatuan jarriko dut bestea. Alde batetik bestera nabil.

Eta tartean Artisau Azokan parte hartuko duzu?
Bai eta herrian egingo den beste azoka batean baita. Aurten laugarrenez parte hartuko dut.

Zer da erakutsi nahi duzuna?
“Marrak” izena du nire proiektuak; ilustrazioak, poltsak, kamisetak, agendak, koadernoak... Ilustrazioak eta osagarriak izango ditut postuan.

“Marrak” proiektua garatzen joan ahala, euskarri gehiagotara zabaltzen joan zara zure sortze lanak.
Artista beka bat jaso dut Azpeitiako Dinamoa Sormen Gunean. “Habitat” izeneko proiektu bat garatzeko urtebeteko tartea dut. Tarteka hara joaten naiz. Azkoitira joaten nintzen bestalde buztingintza klaseak jasotzera. Usurbilen galdetzen hasi eta Buztinzulo egitasmoaren berri izan dut, parte hartzera animatu naiz. Horrez gain, tarteka panpin tailerrak ematen ditut eskoletan. Patroigintza eta josketa ikasten nuenez Donostian, tarteka ematen ditut tailerrak moda jasangarriaren inguruan. Egitasmo gehiagotan ere banabil.

Pandemiak eragindako etenaldiaren ostean martxa hartzen berriz.
Orain ez nago sormen prozesu betean. Erretratu batzuk sortzeko enkargu batzuk baditut, baina ez naiz lehen bezala sortzen ari. Boladak izaten dira.

Esan liteke egindakoa erakusten zabiltzala. Artisau Azoka bezalako ekimenak bide eraginkorrenak dira jendearengana heltzeko?
Niretzat azokak dira ekimenik politenak. Gustatzen zaidan plaza hori da, azokena. Zizurkilgo azokan egon nintzen duela gutxi. Beste artisau batzuk ezagutzen dituzu, kontaktuak egin, beste harreman goxoago bat dago hor.