25. Artisau Azoka

Jurgi Fuentes Goikoetxea: “Aurten adarrak eta maskorrak jarriko ditut”

Noaua Aldizkaria 2021ko urr. 30a, 14:16

Pandemia aurretik jarri zuen estreinakoz postua eta Aitzaga Elkartearen 25. Artisau Azokara eskaintza zabalduta bueltan dator azaroaren lehenean, Jurgi Fuentes Goikoetxea herritarra.

Nola izendatzen duzu zure jarduera?
Adarregile naizela esaten dut. Baina berez egiten dudana lantzea da.

Zertan datza zure artisau jardunak?
Jotzeko adarrak egiten ditut; zulo bat egin eta putz egitea litzateke. Baina noski, horra iristeko lehenik arazoa adarra lortzea da. Berez Europako lege bat dago adarrak eskuratzea zailtzen duena, ahal den moduan lortzen da. Batzuetan hutsik etortzen da, besteetan barruan hezurra duela. Kasu horretan hustu egin behar da. Eta ondoren dator zuloa egitea. Badu bere arrisku puntua albo batetik atera daitekeelako, baina moztu eta zuloa egiten den unetik jotzeko moduan legoke adarra. Baina gero hortik produktua amaitua izan arte lan asko dago; lixatu, garbitu, eta animaliek izaten dituzten kolpeengatik konpondu beharra izaten da. Guztiz eskuz egin beharreko lana da.

Nondik jaso duzu jarduera honen ezagutza?
Haurra nintzela osaba batek adar bat erabiltzen zuen beti kotxean. Beraiekin batzeko desiratzen egoten nintzen eta egoten ginen bakoitzean adarra jotzeko eskatzen nion. Ordutik ia unibertsitate garaira arte izan dut halako obsesio puntu bat adar bat lortzeko. Lortu nuenetik hasi nintzen interneten laguntzaz leku guztietan begiratzen eta adarrak lortzen, egindakoak lehenengo, nire bildumarako. Eta halako batean adar gordinak erosteko aukera zegoela ikusi nuen. Zumaiar bat adarrekin postutxoa jartzen ikusi nuen behin, berak eman zidan ideia. Gero suertatu zen urte hartan Artisau Azoka Usurbilen eta hala jarri nuen postua. Autodidakta izan naiz, gustuko lanabesak bilatu, akabera egokia bilatzeko hamaika proba egin ditut eta orain badoala dirudi. Zer egina eta ikasia badut. Adarrari zinta bat jarri liteke eta horretarako larrua lantzen jakin behar da. Hor ere ikasteko beste bidea badut.

Zein da zure lan txokoa?
Usurbilen bizi naiz baina berez lantoki fisikoa gurasoen etxean, Mungian dut. Itxialdian eta ondoren Bizkaira joaterik izan ez nuenean Jokin Errasti herritarrak utzi zidan beraienean lekutxo bat eta berarekin egoten nintzen adarrak egiten. Eskertu nahiko nioke.

2019ko azokan, adar oso mota ezberdinak jarri zenituen ikusgai.
Antilope ezberdinenak. Aurten ere antzeko, adarrak eta maskorrak jarriko ditut. Aurrekoan nire bildumakoak ziren aurtengoak ordea denak nik egindakoak. Berrikuntza moduan haurrentzako adar txikiak ere prestatu ditut. Aurten ere adar guztiak probatzeko aukera eskainiko dut, desinfekatzeko baliabideak izango ditut.

Artisau Azokak zer ekarpen egiten dio artisauari?
Aurrekoan oso ondo pasa nuen; batzuekin hitz egiten, besteekin adarra probatzen. Artisau batzuk bere saltokia badute, baina beste batzuk ez; nire kasuan ez naiz honetara dedikatzen eta nire produktuak erakusteko ez dut beste plazarik.