Nolatan animatu zara estreinakoz Artisau Azokan parte hartzera?
Inma Arroyo Iruretagoiena: Nire aurreneko aldia da. Betidanik gustatu izan zaizkit eskulanak. Batez ere dena birziklatzea gustuko duen pertsona bat naiz. Pandemian bukatzen zitzaidan jaki edo edariren bat zuen ontziren bat eta segituan etortzen zitzaidan burura zerbait egitea, lepoko bat hautsi eta pieza horiekin zerbait egitea. Azken aldian gustura nabil pieza edo forma desberdinetako botilak apaintzen, makrame teknikarekin. Niretzat argiak esanahi handia du, oso positiboa da, indarra ematen dit. Botila askori jartzen diot argia. Gauean iluntasunean argi pittin bat piztuta izan nahi baduzu egokia da.
Aipatu moduan, birziklatutako materiala erabiltzen duzu.
Batzuk pasatzen dizkidate botilak edo nik hemen etxean gastatzen ditudanekin moldatzen naiz. Orain adibidez beirazko ontziekin nabil. Sagardo edo xanpain botila bat hustutze bazait edota baita beirazko barazkien potoak, ondo garbitu eta beste erabilera baterako apaintzen ditut.
Artelan bilakatu eta bigarren bizitza bat ematen diezu.
Hori da.
Etxerako egiten dituzu sortze lanok? Enkarguak izaten dituzu?
Orain arte oparitu egin izan dizkiet maite ditudan senide, lagun edota bizilagunei. Ez nekien zer izen jarri nire proiektuari eta “maitasunez” izendatzea erabaki dut, maitasun handiz egiten baititut lanok. Senarrari beti oparitzen nenbilela esaten nion eta mordoxka bat egingo nituela erabaki nuen, postu edo taberna batean erakusketa bat jartzeko. Eta hala hasi nintzen.
Postua jartzeko urratsa eman duzu. Estreinaldirako nolatan hautatu duzu Artisau Azoka?
Lagun bati etxean jartzeko bi ontzi oparitu nizkion. Bere etxean egon nintzen eta berak aipatu zidan ia zergatik ez nintzen animatzen azaroaren 1ean Usurbilen egiten den Artisau Azokara. Ez zitzaidala bururatu erantzun nion. Tabernaren batean edo, pieza batzuk jartzea pentsatua nuela, ia jendeak nola hartzen zuen ikusteko. Animatzeko esan zidan. Azkenean udaletxera deitu eta Aitzagako talde batek antolatzen duela aipatu zidaten. Hala hasi naiz mugitzen. Niretzat hau dena oso berria da.
Zer da azaroaren 1ean erakutsi nahiko zenukeena?
Bigarren bizitza ematea dagoela etxean erabiltzen ditugun ontziei edo edozer gauzari. Gustuko dut oso kalera joan eta txakurrarekin buelta bat ematea. Bat- batean ikusten ditut, urteak daramatzat hala, itxura oneko belar batzuk. Hartzen ditut, lehortzen utzi, bere tratamendu txiki bat egin eta gero ontzietan jartzen ditut. Oso ondo gelditzen dira. Urteak direnez, zein belar geratzen diren ondo geratzen dira lehortuta. Gauza txikiekin gauz oso politak egin daitezke.
Birziklatzeko beste era bat aurkitu duzu beraz, artearen bidetik.
Hori da. Artea betidanik izan dut gustuko. Denetariko diziplinak ditut gustuko; Zubietan antzerkia egindakoa naiz, sukaldaritza...