Frontoiko ertz anitzetara begiratu eta hantxe herritar bat. Azken urteotako herri ordezkaritza zabalena ikus zitekeen Aitzaga Elkarteak azaroaren lehenengo egun honetan antolatu duen artisau azokan. 25. edizioak ere herri ordezkaritza erakarri du eta ez nolanahikoa. Hiru artisau postu. Iragan asteko aldizkarian iragarri genizkizuenak; Zorione Mendez Martin "Marrak" proiektuarekin; Jurgi Fuentes Goikoetxea adar eta maskorren postuarekin; eta Inma Arroyo Iruretagoiena "makramen" teknikaz apaindutako birziklatutako objektuekin.
Baina handik hurbil, Udarregi Ikastolako DBH4-ko ikasleak zeuden, gozogintza produktuekin. Jasotako laguntza ikasbidaiara bideratuko dute. Eta frontoi sarreran, beste itzulera bat; urte luzez herriko ospakizun nagusiak girotu dituen talogileena. Etenik gabe aritu dira lanean. Eta nola ez, usain ezin gozoagoa zerion postu inguruari eta azoka osoari.
Frontoira sartzerako ere lanean ziren beste zenbait eragile; Sare "ibilian ibilian etxerako bidean" dinamikaren baitako errifak saltzen eta "Usurbil 1936" oroimen historikoaren aldeko elkarteak postua jarria zuen baita Sutegi atarian.