Azaroko kultur eskaintza bete-betea datorkigu. Erreferentziazkoak ditugun hitzorduen artean, 25 urte bete dituen NOAUA! K.E.-k antolaturiko Kulturaldia legoke, azaroaren 12tik 21era luzatuko dena, denetariko sorkuntza diziplinei lotutako emanaldiokin; "Luze edo motz" binakako bakarrizketa saioa eta Zutani Teatroaren "Bete ingoiau" antzezlana, Don Inorrez taldearen, Ruper Ordorikaren, Eneritz Furyak eta Maite Larbururen kontzertuak, Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia edota dantzan jarriko gaituen Tio Teronen semeak taldekoen "Festamentua" emanaldia. Hitzordu guztiotarako sarrerak online eskura ditzakezue usurbilkultura.eus plataforman, edota NOAUA! K.E.-ren egoitzan (bazkideek kultur elkarteko egoitzan soilik).
Kulturaldia hasi bezperatan ekingo dio Nafartarrak taldeak bere zikloari; ""Noain 1521: independentzia berreskuratzeko azken guda" izeneko erakusketa ikusgai jarriko du Sutegin azaroaren 9tik 13ra eta zenbait hitzaldi ere iragarri dituzte. Irekierarako Gaizka Arangurenena. Patxi Zabaletak "Orreaga, Peñalén, Amaiur.." hizpide duen hitzaldia eskainiko du. Azaroaren 13an jardunaldi eguna iragarri dute; "Nafarroako atlas historikoa" liburuaren aurkezpena, "1200: konkista eta haustura" izeneko saioa Idoia Arrietarekin eta adituen mahai-ingurua.
Asteotan segida izango du bestalde, "Udazkena Liburutegian" zikloak. Asteazkenero saio bana iragarri dute: azaroaren 3an Ibon Martinekin solasaldia bere eleberriez, "Kolorez jantzita" ipuin musikatuen saioa hilaren 10ean, "Bidea ipar" liburuaz solasaldia astebete beranduago eta zikloa borobiltzeko, Marsel magoaren bisita.
Kalezarrek gogoan izan, Usurbilen sorreraren 650. urtemuga hizpide hartuta kale antzerki ibiltaria iragarri du larunbaterako, azaroak 6. Egun berean bestalde, "Suharra" dokumentala proiektatuko da Sutegin.
Anerreka ingurumen elkarteak bi hitzordu iragarri ditu; bat astearte honetarako, "klima aldaketa" hizpide izango duena, bestea azaroa amaierarako, "Energia komunitateak" ahotan hartuko dituena.
Azaroaren 13a, ekintzez josia
Egun bat ekintzez josia izango dugu azaroan; hilaren 13a hain zuzen. Bertso eta musikaz giroturiko bazkari bana; bat Patrin, Ainara Ortega eta Iñaki Salvadorrekin. Kafe Tertuliak Usurbilgo nesken* bertso-bazkaria iragarri du Uxue Alkorta, Libe Goenaga, Lierni Rekondo eta Maddi Aiestaran bertsolariekin, eta arratsaldean, triki-poteoa.
Gainerako ekintzak, Aginagan eta Santuenean; Aginagan Zuhaitz Gurrutxagak "Futbolistok II" bakarrizketa saioa eskainiko du Eliza Zaharrean. Santuenean trebetasun jolasak eta DjGorkaMendiren saioa gaztetxoenentzat. DJ berak azaroko azken larunbat arratsaldea girotuko du berriz adin tarte guztietako herritarrentzat. Musika kontuekin segita, Santa Zeziliren omenezko ospakizunak iragarri ditu Zumartek; oraingoan bi egunetan, emanaldia azaroaren 23an eta hilaren 25ean kalejira.
Bilerak
Izaera sozialeko hitzorduei dagokienean, bi hilero moduan, odol ematea azaroaren 8an Udarregi Ikastolan. Biharamunean, "Psikologia positiboa eguneroko bizitzan" ikastaroaren aurkezpena Artzabalen Gure Pakeak antolatuta eta lehenago, asteazken honetan bertan, azaroaren 3an, Emakumeen Etxea ireki aurreko antolaketa lanak bideratzeko bilera leku berean. Bilera sorta iragarri du bestalde udal gobernu taldeak, 2022ko aurrekontuak aurkezteko, auzoz auzo, azaroaren 8tik 11ra. Hilabetea Sareren mobilizazioak borobilduko du.
Eskaintza honi guztiari buruzko xehetasunak Usurbilgo Udalak egunotan banaturiko kultur agendan, usurbilkultura.eus plataforman nahiz web orrialde honetako "Agenda" atalean dituzue.