EROskopoa

Azaroko EROskopoa

Erredakzioa 2021ko aza. 3a, 10:47

Puntapaxeko sorginak azaroko iragarpenak bidali dizkigu. "NOAUA!ko kulturaldia ekitaldi interesgarri beteta dator; eskuratu zure sarrera", gomendio hori luzatu die Leo zeinukoei. Gainontzekoentzat ere balekoa den aholkua, ezbairik gabe!

ARIES

Hilabete honetan kiroldegira joaten jarraitzen baduzu, ikasturte guztia iraungo duzu, animo! Hileko aholkua: Baina klase barrura sartu behar duzu!

 

TAURUS

Zure bizitzarekin zer egin ez dakizula zaude, eta sorgin gurpil horretatik ateratzen ez bazara, jai daukazu. Hileko aholkua: Pentsatu duzu Noaua!ko bazkide egitea? Gure ateak beti daude zabalik!

 

GEMINI

Ordu aldaketarekin guztiz despistatuta zabiltza: ez dakizu azkar edo berandu iristen zaren tokietara. Hileko gomendioa: Hondarrezko erloju bat erosi ezazu!

 

CANCER

Iraganean gorabeherak izan dituzu, baina orain sasoi betean zaude. Aprobetxatu. Hileko aholkua: Ez hurbildu anbulatoriora!

 

LEO

Aspertu xamar zabiltza azken aldian, eta ezin duzu horrela jarraitu. Hileko aholkua: Noaua!ko kulturaldia ekitaldi interesgarri beteta dator; eskuratu zure sarrera!

VIRGO

Maitasun kontuetan oso zuzena zara. Pertsona bat gustatzen zaizunean, berarengana heltzeko modua bilatzen duzu... Hileko aholkua: ...baina Noaua!n iragarki bat idaztea zita bat eskatzeko gehiegitxo da.

 

LIBRA

Kontaktu fisikoa faltan botatzen zenuen eta orain denak besarkatu eta musukatzen dituzu. Hileko aholkua: Saiatu hori soilik ezagutzen duzun jendearekin egiten.

 

SCORPIUS

Zure urtebetetze eguna hurbiltzen ari da eta urduri zaude zahartzen ari zarelako. Hileko aholkua: Filosofiarekin hartu: pentsa ez zarela gaur bezain gaztea inoiz izango!

 

SAGITARIUS

Sorpresa ekonomiko bat duzu itxaroten datozen egunetan; adi egon. Hileko aholkua: Ez al zenuen kontribuziyuaren bigarren zatia ordaindu behar?

 

CAPRICORNIUS

Azaroa hasi besterik ez da egin eta dagoeneko gabonetako oporretan ari zara pentsatzen. Hileko aholkua: Gabon kanten playlista osatu behar duzu lehenbailehen.

 

AQUARIUS

Erleak bezala lorez lore ibiltzen zara eta ez duzu hasitako gauza bakar bat ere bukatzen. Hileko aholkua: Izarrak eta konstelazioak zeharo haserretuko dira kiroldegiko ikastaroa bertan behera uzten baldin baduzu!

 

PISCIS

Zenbat kostatzen zaizun boterea delegatzea, jopelas! Zure bizitzako puntu honetan, beharrezkoa da beste pertsonei aukerak ematea, haiek ere merezi dute eta. Hileko aholkua: Hurrengo parrandan botea eraman dezala beste batek!