Fase berri batean sartuko da asteazken honetatik, azaroaren 3tik, etorkizunean, jada birgaitua egon eta kalezartarrentzako udal ekipamenduarekin batera Pelaioenea eraikinean kokatuko den Emakumeen Etxea. Iazko udazkenean Udalak Elhuyarrekin bideratu zuen parte hartze prozesuan adostutakoa gauzatzen hastera doaz. Erronka berri hau betetze aldera, lehen saioa deitu du Usurbilgo Udalak gaurko (hilak 3), 18:00etan Artzabalen. Ez da hitzordu bakarra izango. "Hemendik aurrerako saioen helburua parte-hartze prozesuan adostutakoak gauzatzeko lanketa abiatzea" izango da, deitzaileen esanetan.
Modu horretan, Emakumeen Etxea ireki aurreko antolaketa lanetan murgilduko dira, proiektuaren ikuspegitik baita hirigintza ikuspuntutik ere. Uda aurretik, Usurbilgo Udalak ekaina hasieran berri eman zuenez, "epe motzean, barrutik egituratzeko exekuzio proiektua idazteko lehiaketa abiatuko da udalak: enpresek euren proposamenak aurkeztu eta horietako bat aukeratu beharko du udalak".