Euskara eta aisialdiko diru-laguntzen ebazpenak kaleratu ditu Udalak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 3a, 08:46

Ekainaren 28tik uztailaren 9ra, tarte hau finkatu zuen Usurbilgo Udalak aisialdiko eta euskarako udal diru-laguntzetara eskabideak aurkezteko epe gisa. Deialdion ebazpenak kaleratu ditu asteazken honetako (azaroak 3) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak.

Bi udal diru-laguntza lerroei buruz ari gara; batetik aurreko ikasturtean zehar aisialdiko begirale nahiz zuzendari ikastaroak egin dituztenei zuzendurikoaz. Kasu honetan, hiru eskabide aurkeztu ziren eta hirurak onartu ditu Udalak, guztira 540 euroko laguntza banatu du. Hirurek begirale ikastaroak egin dituzte, ez da zuzendari ikastarorik egin duenik aurkeztu laguntza deialdi honetara.

Bestalde, 2020-21 ikasturtean euskara ikasi eta udal laguntzetara eskabideak aurkeztu zituztenei ere erantzun die Usurbilgo Udalak. Gogoan izan, ezarritako baldintzak betetzen dituztenek euskara doan ikasi dezaketela Usurbilen. Guztira 51 eskabide erregistratu ditu Udalak. Guztira, 23.724,93 euro banatu ditu. 

Bi esteka hauetan jaso dezakezue ebazpenon berri:
Euskarako udal diru-laguntzak
Aisialdiko udal diru-laguntzak

Segidan, bi udal diru-laguntza hauen oinarrien berri:

2020-21 IKASTURTEAN AISIALDIKO BEGIRALE EDO ZUZENDARI IKASTAROETAKO IKASLEEI ZUZENDUTAKO DIRULAGUNTZEN OINARRIAK
Onuradunak: "2020-2021 ikasturtean aisialdiko begirale edo aisialdiko zuzendari ikastaroak egin dituzten 16 urtez gorako usurbildarrak".  
Baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Ikastaroa euskaraz izatea eta Eusko Jaurlaritzak homologatua izatea.
-Ikastaroaren alderdi teorikoa gainditzea eta araututako gehienezko epearen barruan titulua lortzea.
Laguntza:
-Begirale ikastaroa: matrikularen % 50a (gehienez ere 250 €).
-Aisialdiko zuzendari ikastaroa: matrikularen % 50a (gehienez ere 170 €).
Eskabideak: ekainak 28-uztailak 9 (bi egunak barne).
Informazio gehiagorako: ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala

2021-21 IKASTURTEAN EUSKARA IKASI DUTENEK DIRULAGUNTZA ESKATZEKO DEIALDIA
Onuradunak: "Usurbilen erroldatuta dauden 16 urtez gorako euskara ikasleak".  
Baldintzak:
-Usurbilen erroldatua egotea.
-Gutxienez, ikastaro osoan zehar, % 80ko asistentzia izatea. (autoikaskuntzaren kasuan aprobetxamendua ziurtatzea).             
-Gutxieneko aprobetxamendua gainditzea: Euskaltegiak egindako ziurtagiriaren bidez egiaztatu beharrekoa.

Laguntza:
2020ko irailetik 2021eko abuztuaren 31 bitartean egindako ikastaroak diruz lagunduko dira. Herritar guztiek matrikula kostuaren % 100 jasoko dute (600 euroko muga), baldintza hauek betetzen badituzte:          
-%80ko asistentzia.
-Gutxieneko aprobetxamendua.
Eskabideak: ekainak 28-uztailak 9 (bi egunak barne).
Informazio gehiagorako: ekainaren 18ko Gipuzkoako Aldizkari Ofiziala