Hitanoa gehiagorekin eta gehiagotan ahotan hartzeko ikastaroa abiarazi dute Potxoenean. Azaroko astearte guztietan bere ezagutza eta erabilera sustatzeko saioetan parte hartuko du ondoko irudiotako herritar taldeak. "Hikaratu, beldurrik gabe!" aldarripean, hitanoa bultzatzeko Euskara Aholku Taldeak iragarritako ekimen sortaren baitan abiarazi dute ikastaroa.
Lehen saioan, aurkezpen errondan, norberak hitanoarekin izandako hartuemana azaldu zuen. Kide batzuek etxean erabiltzerik ez eta kalean entzun eta ikasi zutela ahotan hartzen aipatu zuten. Egoki erabili ote zuten zalantza zuten ordea. Generoaren gaia ere agerian utzi zuten beste kide batzuk. Nola familia barruan gizonezkoek euren artean hitanoa erabili ohi duten, baina emakumezkoek beraien artean komunikatzeko nahiz gizonezkoei zuzentzerakoan ez.
Batzuek zein besteek, hitanoaren ikastaroan izena emana duen herritar talde hau trebatzeko prest da. Asteartero bilduko dira Potxoenean, bi orduz, Etumeta AEK euskaltegiko irakasle Rosa Zubeldiak gidatuko dituen saioetan. Honako hau, ikastaro honen bigarren edizioa duzue. Udaberrian antolatu zuten estreinakoz, eta izan zuen harrera ikusita esperientzia errepikatzea erabaki dute.
Hikalagun
Adi, hitanoaren ikastaroa ez baita Euskara Aholku Taldeak asteotarako iragarri duen ekintza bakarra. Hikalagun dinamika ere antolatu dute. Ezaguna zaigun Mintzalagunen antzekoa izango da; “bi figura elkartu nahi dituzte hika moldatzen direnak eta hika aritzeko prest bai baina laguntza behar dutenak”. Hikalagun izateko izen-ematea zabalik dute; usurbil@aek.eus helbidera idatzita edo 607 609 379 telefono zenbakira deituta. “Elkar ezagutu eta elkarri lagunduta, beldurrak uxatzen hasteko aukera izango da: horregatik egin nahi diegu deia hika menperatzen duten horiei, garrantzitsuak baitira hika aritu nahi dutenei erakusteko”. Gazteekin ere gaia landu nahi dute tresnak eta baliabideak eskainiz, “pixkanaka, hikaratu daitezen”. Euskararen Egunerako prestatzen ari direnari buruzko xehetasunak aurrerago eskaintzekotan da Euskara Aholku Taldea.
Datorren abenduaren 3ko Euskararen Egunerako ere egitarau berezia prestatzen ari dira.