Azaroaren 8an

Usurbil ere, "Gipuzkoako Organoak Plazara" zikloko ibilbidean

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 4a, 09:03

Musika instrumentu honen balioari gorazarre egiteko "Gipuzkoako Organoak Plazara" zilkoa antolatu dute egunotarako Foru Aldundiak eta Musikenek. Tartean, "masterklas" saio bat Usurbilen, Brett Leighton musikari australiarraren eskutik.

Laugarren edizioa iragarri dute eta laugarren honetan ere Usurbil txertatua dago. Ibilbide moduko bat proposatzen dute egunotan Gipuzkoan barrena eta tokian tokiko organoen balioa nabarmentzeko. "Gipuzkoako Organoak Plazara" izena du hain zuzen, Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Musikenek iragarri duten zikloak. Ostegun honetan, azaroaren 4an hasi eta hilaren 8ra arte, datorren astelehenera arte, herrialdeko hainbat organoetara "gerturatzeko aukera izango dute kontzertuen eta maisu handien hitzaldien eskutik", antolatzaileen esanetan.

Ziklo honen baitan parte hartuko duten udalerriak sei dira; Ataun, Tolosa, Andoain, Donostia, Oiartzun, eta aipatu moduan, Usurbil. Udalerri honetan, "masterklasa" eta emanaldia izango da, Brett Leighton irakaslearen eskutik. Azaroaren 8an, datorren astelehenean izango da, 9:30-13:30 artean Salbatore Parrokian. Ekitaldiko ardatza, CG. Tournemireren "Sept Chorals-Poèmes op. 67" obra izango da.

Ibilbide oparoa
Australiarra, Sidneyn jaioa. "Bere jaioterriko Kontserbatorioan (Organoa David Rumseyekin) hasi zituen ikasketak eta Vienako Musikhochschulen (Michael Radulescu), Schola Cantorum Basiliensisen (klabea Jean-Claude Zehnder-ekin) eta Amsterdamgo Sweelinck Conservatoriumean (klabea Tom Koopmanekin) jarraitu zituen. Eskola magistralek, Luigi Ferdinando Tagliavini, Harald Vogel, Jesper Christensen eta Jean Langlais irakasleekin, bere hezkuntza musikalari amaiera bikaina eman zioten. Urte horietan sari eta beka ugari jaso zituen, horien artean ospetsuena lehiaketa sortu zenetik eman ez dena: Innsbruck hiriko Paul Hofhaimer saria, 1979an, Antzinako Musikako maisuentzako obrak interpretatzeagatik".

1994-2021 urte artean Austriako Linzeko Anton Bruckner "unibertsitate pribatuko organo, klabe eta ganbera musikako irakaslea izan zen". Horrez gain, "Brett Leighton teklatu-instrumentu historikoak jotzeko artean aditua da, eta organista, klabezinista eta kontinuista gisa jarduera kontzertistiko erregularra du Europa osoan, baita Australian, Japonian eta Estatu Batuetan ere". 

Udako ikastaroak, "masterklasak" eskaini ditu munduan barrena. "Hainbat musika argitalpenetan teklaturako antzinako musikaren interpretazio praktikari buruzko artikuluak idatzi ditu, eta epaimahaikide gisa jardun du organo nazioarteko hainbat lehiaketetan". Hainbat irrati-grabazio ere egin izan ditu. "Bere errepertorioa eta domeinua, beraz, organurako lehen taulaturetatik hasi eta gure garaiko musikara arte hedatzen dira".