Usurbilen gaur, "Gipuzkoako organoak plazara" zikloa

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 8a, 12:03

Organoen balioa nabarmentzeko Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Musikenek antolaturiko "Gipuzkoako Organoak Plazara" zikloa Usurbilera heldu da. "Masterklas" saioa eskaintzen ari da astelehen goiz honetan Brett Leighton musikari australiarra, Salbatore Parrokian.

Organoa entzuteko aukera ederra astelehen goiz honetan Salbatore Parrokian. Azken egunotan laugarrenez herrialdean barrena ibili den "Gipuzkoako Organoak Plazara" zikloa Usurbilera heldu da astelehen goiz honetan. Gipuzkoako Foru Aldundiak eta Musikenek antolaturiko ekimenaren baitan, herrialdeko hainbat organoetara "gerturatzeko aukera dute kontzertuen eta maisu handien hitzaldien eskutik", antolatzaileen esanetan. Ataun, Tolosa, Andoain, Donostia eta Oiartzun, udalerri guztiotatik igaro den zikloa aipatu moduan Usurbila heldu da gaur. 

Brett Leighton musikari australiarra "masterklas" saioa zuzentzen ari da Salbatore Parrokian. Ekitaldiko ardatza, CG. Tournemireren "Sept Chorals-Poèmes op. 67" obra izango da. 

Ibilbide oparoa
Australiarra, Sidneyn jaioa da Leighton. "Bere jaioterriko Kontserbatorioan (Organoa David Rumseyekin) hasi zituen ikasketak eta Vienako Musikhochschulen (Michael Radulescu), Schola Cantorum Basiliensisen (klabea Jean-Claude Zehnder-ekin) eta Amsterdamgo Sweelinck Conservatoriumean (klabea Tom Koopmanekin) jarraitu zituen. Eskola magistralek, Luigi Ferdinando Tagliavini, Harald Vogel, Jesper Christensen eta Jean Langlais irakasleekin, bere hezkuntza musikalari amaiera bikaina eman zioten. Urte horietan sari eta beka ugari jaso zituen, horien artean ospetsuena lehiaketa sortu zenetik eman ez dena: Innsbruck hiriko Paul Hofhaimer saria, 1979an, Antzinako Musikako maisuentzako obrak interpretatzeagatik".

1994-2021 urte artean Austriako Linzeko Anton Bruckner "unibertsitate pribatuko organo, klabe eta ganbera musikako irakaslea izan zen". Horrez gain, "Brett Leighton teklatu-instrumentu historikoak jotzeko artean aditua da, eta organista, klabezinista eta kontinuista gisa jarduera kontzertistiko erregularra du Europa osoan, baita Australian, Japonian eta Estatu Batuetan ere". 

Udako ikastaroak, "masterklasak" eskaini ditu munduan barrena. "Hainbat musika argitalpenetan teklaturako antzinako musikaren interpretazio praktikari buruzko artikuluak idatzi ditu, eta epaimahaikide gisa jardun du organo nazioarteko hainbat lehiaketetan". Hainbat irrati-grabazio ere egin izan ditu. "Bere errepertorioa eta domeinua, beraz, organurako lehen taulaturetatik hasi eta gure garaiko musikara arte hedatzen dira".