Ostiralean auto istripuan zauritutako gaztea hil da, gaur azken agurra

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 9a, 11:59
Artxiboko irudia.

Azaroaren 5ean Txikierdin izandako auto istripuan zauritutako gaztea hil da.

 

Aurreko ostiralean, azaroaren 5ean, istripua izan zen N-634 errepidean Txikierdi inguruan. Kamioi eta auto batek talka egin zuten. Ondorioz, 19 urteko gazte bat zaurituta eraman zuten ospitalera. Gaztea, herritarra, hil egin da. Senide eta lagunek jarri dituzten eskeletan irakur daitekeenez, Irati Garayoa Furundarena agurtzeko aukera izango da Vascongada Ehorztetxean astearte eguerdiko 14:00ak arte.

Usurbilgo alkate Agurtzane Solaberrieta Mesak "ze tristura eta amorrua" adierazi du sare sozialen bidez. "Besarkada estu bat senide eta lagunei. Saminean, lagun!" adierazi die.

Usurbil F.T.-tik ere doluminak helarazi dizkiete senideei. "Usurbil FT-k gure dolumina adierazten diogu Aiur eta bere familiari".