Herri lanek etenik ez urte amaiera honetan. Usurbilgo Udalak berri eman duenez, hiru herri lan abiaraziko dituzte datozen asteotan. "Aginagako kolektorekoak, Sagardo plazako esku hartzea eta Sutegiko fatxadako obrak".
Osinalde-Aginaga Kolektorea
Aginagari dagokionean, ur zikinak erriora isuri ordez Loiolako araztegira garraiatzeko kolektorea eraikiko dute hiru fasetan, Osinalde industriagunetik hasita. "Maiatzean aurreratu bezala, Aginagako saneamendua osorik egiteko akordioa erdietsi dute Euskal Ur Agentziak eta Añarbeko Mankomunitateak, eta hil honetan hasiko dira obrekin", iragarri du Usurbilgo Udalak. 22 hilabetez luzatuko dira eta 5,4 milioi euro bideratuko dira egitasmo honetara; %40a Añarbek finantzatuko du, gainerako %60a Ura Agentziak, kontratazioa eta obra zuzendaritza bere gain hartzearekin batera. Bi erakundeok 2019ko otsailean onarturiko Aginagako saneamendu proiektua hiru faseetan gauzatzea "baina lehenengo biak soilik egitea adostu zuten". Egoera honen aurrean, "Udalak hiruak batera egiteko eskatu izan die, eta, azkenik, Urak-ek eta Añarbek aurten adostutako hitzarmenean hiru faseak barne hartzea lortu du. Inbertsio esanguratsua da egingo dutena".
Hiru fase ezberdinetan gauzatuko dute proiektua; lehenengoa Txokoalden. "Euri urak eta ur zikinak bereizteko azpiegitura eraikia dute 1997ko uholdeez geroztik, baina ur zikinak jasotzeko azpiegitura falta dutenez, batzuek zein besteek Oria ibaian bukatzen dute".
Ondorioz, lehenengo fase horretan, "HUPE Hondakin Uren Ponpa Estazio bat eraikiko dute Txokoalden, eta Osinaldeko HUPErekin lotu; Txokoaldekoaren bitartez, bertako eta Santueneko isuriak Osinaldeko sistema orokorrera eramango dituzte. Bigarren fasean, Txokoaldeko eta Aginagako HUPEak lotuko dituzte. Aginagako kaxkoko isuriak jaso, eta Aginagako HUPE berritik Txokoaldekora eramango dituzte, Oria ibaia gurutzatuta. Hirugarren fasean, Aginagako erriberan kolektore nagusia egingo dute, eta kolektore horri hainbat hodi jarriko dizkiote, gero udalak egingo duen proiektuaren bitartez, Aginagako etxebizitzetara konektatu eta ur zikinak jasotzeko".
Sagardo plaza
"Oinezkoak igarotzeko eta egoteko toki atseginak sortuz tokiko merkataritza indartzea". Hortxe, Eguzkitzaldeko Sagardo plaza deiturikoa berraktibatzeko Usurbilgo Udalak hurrengo asteotarako eremu horretan iragarri duen eskuhartzea, "Juntura kooperatibaren eskutik". Azken urteotan, Zubiaurrenea-Errekatxikitik nahiz Artzabal-Olarriondotik Mikel Laboa plaza aldera heltzeko oinezko pasabideak hobetu, plaza bera oinezkoentzako egokitu edota "handik Kale Nagusira iristen diren Irazu, Etxebeste eta Hirutasun kaleak eraberritu dira".
Kale Nagusiaren bueltan agin dira azkenak; ""Olanoenea plaza eta 10. zenbakiko pasabidearen berritzea, besteak beste, Irantzu Lekueren mural baten bidez". Sagardo plazaren txanda da orain. "Sagardo plaza gune lasaia da, izatez, eta hori mantentzea bermatuko dute. Izan ere, esku hartzea arina izango da: dagoena aprobetxatuz, elementu berriak txertatuko dituzte. Batik bat, mahaiak eta eserlekuak gehituko dituzte, egonean egoteko leku atsegina izan dadin". Txertatuko dituzten elementuei dagokienean, "zenbait altzari jarriko dituzte, mahaiak eta eserlekuak batik bat, eta pintaketa lanak egin, oinezkoentzat sarbideak markatuz".
Sutegiko fatxada
Abendu erdialdean hastekoak dira bestalde, "Sutegiko fatxada berritzeko obrak; hilabete eta erdi beharko dute lanak amaitzeko". Udan hastekoak ziren berez, baina Udalak ohartarazi duenez, "lan kargagatik atzeratu egin behar izan dute". Egingo dituzten lanak zehaztu ditu Udalak. "Batetik, fatxada egokituko dute, energetikoki eraginkorragoa izan dadin, eta, bestetik, goiko solairua itxi eta taldeka lan egiteko espazioa sortuko dute, fatxadatik kendutako materiala berrerabiliz".
Lanok Sutegi udal liburutegiaren zerbitzua mugatuko dute. "Liburuen mailegua bermatu ahal izango da baina ez ikasteko giroa. Horregatik, Udalak erabaki du Potxoeneako sotoa gordetzea, liburutegiko ordutegi berean, ikasteko lekua behar duten erabiltzaileentzako".