Kulturaldiko lehen asteburua ate joka

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 10a, 07:23

Zutani Teatroa taldekoen "Bete ingoiau", Eneritz Furyak eta Maite Larburu kontzertuan, "Luze edo motz" Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen binakako bakarrizketa saioa eta Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia dakar NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiak lehen asteburu honetarako.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia 


Azaroak 12, ostirala
22:00 Zutani Teatroa: "Bete ingoiau" antzezlana Sutegin.
Zehaztasunak: "Herri bateko gasolindegi bat. Petrak eta Leok denbora daramate elkarrekin lanean. Geroz eta bezero gutxiago dituzte eta negozioa oso gaizki doa, alboan gasolindegi moderno horietako bat zabaldu dutelako. Eguna joan eta eguna etorri, beti kontu bera. Baina halako batean, monotonia hori hautsiko duen zerbait gertatuko da. Pakete bat iritsiko zaie, ez dute jakingo nork eta nondik bidali dien, baina bizitza hankaz gora jarriko die, eta beraien arteko harremanean ere eragina izango du. Goiz Eder Iturain eta Esti Curielek harremanen inguruko hausnarketa eragin nahi dute istorio honekin, umore beltz eta absurdoa erabiliz. 2020ko Poltsiko Antzerkiko Sorkuntzarako bigarren sariaren irabazlea".
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 13, larunbata
22:00 Eneritz Furyak eta Maite Larbururen kontzertua Sutegin.
Zehaztasunak: "Eneritz Furyakek Danena bere azken lana aurkeztuko digu. Hitz poetiko ilunkarak kantatzen dituen ahots berezi eta pertsonala da Eneritz Furyakena. Heterodoxoegia folk konbentzionaleko ikuspegi hertsiarentzat, popetik ez da urrunegi, baina punka da osagai ezinbestekoa bere kantuetan. Sortzeko modu sinpleagatik, kantuen trinkotasunagatik, bere kabuz eta eskura dituen tresna apurrekin produzitu nahiz grabatzeagatik. Maite Larburuk, kRaK bere bakarkako bigarren diskoa aurkeztuko digu. Helburu anitzekin sorturiko doinuak eta Axut! Antzerki kolektiboaren Amua antzezlanerako idatziriko musika biltzen dituena. Musika Maite Larburuk idatzia izan da bere osotasunean. Hainbat kanturen hitzak ere Larbururenak dira, baina bada Harkaitz Canok idatzi duenik ere; Raymond Carverren olerki bat eta Amua antzezlaneko gidoitik harturiko esaldiak batzen dituen kantu bat ere bai".
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 14, igandea
19:00 "Luze edo Motz" binakako bakarrizketa Sutegin.
Zehaztasunak: "Mirari Martiarena eta Idoia Torregarai umoregileek, “Bakean Dagoena Bakean Utzi” emankizunaren haritik jarraituz, ikuskizun honetan generoa hartuko dute umoregai, gure gizartea zertan luze eta zertan geratzen den motz galdetzeko. Horretarako hilekoa, menopausia, ligatzeko teknikak eta sexua izango dituzte hizpide, besteak beste. Kritika eginez, deseraikiz eta barre eginez bazterrak zirikatzen jarraitzeko bueltatu dira!".
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 15, astelehena
19:00 Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia Sutegin.
Zehaztasunak: "Txerra Rodriguez (Derio, 1977) ez da hasiberria euskara elkarteen mugimenduan. Derioko Tximintx elkartearen sorrerarekin murgildu zen euskaltzaleen mugimenduan eta geroztik bide oparoa egin du euskalgintzan militante modura, profesionalki eta soziolinguistika arloko dibulgatzaile modura ere. Euskara elkarteen hiru hamarkadako ekarpena aztertu du bere doktoretza tesian. “30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017” liburuan (UEU, 2020) argitaratu du Txerrak tesia. Euskara elkarteen ibilbidean izandako lorpenak, hutsuneak eta erronkak xehe-xehe aletzen saiatuko gara hitzaldian".
Prezioa: doan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 19, ostirala
22:00 Ruper Ordorikaren kontzertua Sutegin.
Zehaztasunak: "Ruper Ordorikak zuzenean aurkeztuko du bere diska berria, aurre-estreinaldi bezala. Album berezi honek osatuko du dagoeneko 20 diskatik gora heldu den bere ibilbidea. Aurkezpenerako bere Mugalaris taldearekin arituko da: ArkaitzMiner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira ( Baxua) HasierOleaga (bateria), eta horrez gainera Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak). Ezin da Ruper Ordorika laburrean definitu...Bere kantuetan sakontasunari eustea lortzen du halako edertasun bitxia erdietsiz, hitzen hautaketa eta soinu bilaketa etengabearen ondorioz. Hor ditugu bere kantu iraunkorrak estilo itxietatik at heltzen zaizkigunak...".
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 20, larunbata
19:00 Tio Teronen semeak: "Festamentua" Mikel Laboa plazan. Euria bada frontoian.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldean eta bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Zoritxarreko egoera batean elkartzea egokitu zaio gure lagun koadrila xelebreari; hileta batean, hain zuzen ere. Bertan, pasartea ulertu nahian ibiliko dira batera eta bestera, gertatutakoa iraultzeko esperantzan. Umore, dantza eta doinu ezagunez jositako ikuskizun original bezain berritzailea".
Prezioa: doan.
Informazio gehiago: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 21, igandea
19:00 Don Inorrez kontzertuan Sutegin. 
Zehaztasunak: "Imanol Ubedaren bakarkako proiektua da Don Inorrez. Bide Ertzean taldearen ibilbidea etetearekin batera jarri zuen martxan, eta 2018an lehen diskoa plazaratu zuen, Mugiro bila, Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatua. Zuzenean hiru musikari hauek laguntzen diote: Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarra). Emanaldi honetan beraien bigaren lana aurkeztuko digute, “Esku hutsik”.
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.