NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia

“Barreterapia saio on bat eginda irtengo dira Sutegitik”

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 11a, 10:27

Oparo dator NOAUA! K.E.-ren 25. urtemugako Kulturaldia. Herritarren parte hartzearekin eta umorez blai. “Luze edo motz” Mirari Martiarena eta Idoia Torregarairen binakako bakarrizketa saioa dugu horren adibide argia. Azaroaren 14ko emanaldiaz jardun gara Torregarairekin.

NOAUA! Sutegira bueltan zatoztela esan daiteke?
Idoia Torregarai Martija:
Hirugarrenez. 2017ko Euskararen Egunaren bueltan igo ginen lehenbiziko aldiz Mirari eta biok Sutegiko oholtzara. 2018-19 inguruan “Bakean dagoena bakean utzi” saiorekin itzuli ginen.

Nondik nora zabiltzate “Luze edo motz” saioarekin?
Duela urtebete estreinatu genuen, saio batzuk egiten hasi ginen arren, batez ere aurreko saioaren zikloarekin bukatu genuen. “Luze edo motz”-ekin 15 bat emanaldi eskaini ditugu martxotik. “Normaltasun berrira” bueltatu garenean berriro hasi dira programatzen. Udazken hau potentea izaten ari da.

Zer dakar zuen bigarren ikuskizunak?
“Bakean” ikusi zutenek badakite gure ardatza umorezko bakarrizketak direla. Umorea, genero ikuspegia eta euskara, hiru ardatz horietan oinarritzen zela. 150 saio egin eta izandako arrakasta ikusita, beharrezkoa ikusi genuen “Luze edo motz” ere bide horretatik egitea. “Bakean”-ekin desberdintasuna du, euskararekin halako jolas batzuk sartzen genituela, kasu honetan dena genero ikuspegitik egiten dugu. Biok txandaka, bakarrizketak lotzen goaz. Gaiei dagokienez, aurrekotik tiraka, itzalpean egoten segitzen dutenei heltzen diegu. Aurrekoan bezala, hilekoa, ligatzeko teknikak, sexu harremanak, masturbazioa...  hizpide izango ditugu. “Bakean”-en emanaldietatik ikasitako esperientzia horretatik oraindik eta lotsagabeago.

Ganberroago dator “Luze edo motz”?
Buruko klik hori barre egiterakoan indartsuagoa izatea nahi dugu. Orain arte jasotzen ari garen erantzuna oso ona izaten ari da. Ezagutu gaituzten herrietan badakite ahobizarrik ez dugula ahoan, oso argi hitz egiten dugula gure esperientziatik. Emakumeak asko identifikatzen dira, gizonezko batzuk harritu egiten dira, baina oso ondo pasatzen dute.

Umorearen bidez gai serioagoetara errazago hurbildu gaitezke?
Umoreak konexio oso zuzena lortzen du, gai konplexu eta mingarri horiei buelta ematen die. Lehenbizi algara edo barrea aterako zaizu baina gero pentsatzen utziko zaitu. Horregatik jarri genion “Luze edo motz” izena, luze, oraindik gizarte honek bide luzea daukalako berdintasunerantz; motz, gizartea genero ikuspegitik edo berdintasuenetik motz geratzen delako. Frontoiaren tarte horrekin jolastu nahi dugu eta horregatik berriro txaketa gorri eta urdinarekin agertzen gara buruz burukoa egiteko baita ere.

Publiko anitza izango duzue. Umore ezberdinekin egin duzue topo?
Umore asko daude baina egiteko partekatu behar dira, balio, erreferientzia edo marko batzuk, hori da garrantzitsuena. Hori badirudi lortzen dugula.

Binakako bakarrizketa saioa, honez gero oso ondo ezaguzten zareten bi lagunen artean.
Mirari nire umore bikia da eta nire bizitzan garrantzia handia duen pertsona. Azkeneko lauzpabost urteetan bide hau elkarrekin egiteko zortea izan dugu, benetan oso ondo konektatzen gara umore aldetik. Elkar laguntzen gara. Hau egiten dugu ondo pasatzeko eta umorearen boterean sinesten dugulako. Une honetan askoz erosoago sentitzen gara binaka lan egiten, bakarka baino. Orain oso argi sentitzen dugu hau dela gure tokia.

Umorearen boterea aipatu duzu. Zertan datza?
Zure bizitza begi horiekin ikustean. Umorearen bidez bizitzari aurre egiteko tresna bat bilatu dut. Zure inguruko komizidade horri begia jartzean bizitza askoz ere politagoa da. Barre egitea eta partekatzea zoragarria da, hor lotura emozionala sortzen da, jendearekin modu atseginean bizitzeko modu bat da. Fisikoki ere onura piloa ditu. Izugarrizko boterea du horrek.

Etxean jokatzen duzu oraingoan.
Oso urduri nago. Ilusio ikaragarria egiten dit herrian eta gainera NOAUA! K.E.-ren 25. urteurreneko Kulturaldiaren baitan izatea. Tarte polit eta berezi bat bizi nahi dutenek hurbildu daitezela Sutegira. Barreterapia saio on bat eginda aterako dira Sutegitik. Gizonezkoei dei berezi bat egin, denok batera ondo pasako dugu eta.

Zuen ibilbideak “motz edo luze” segiko du aurrera?
Oraingoz oso indartsu eta gogotsu gaude, urte amaiera emanaldiz betea dugu. Fisikoki nekatzen garen arren, mentalki eta bihotz aldetik asetzen gaituen zerbait da. 2022an eta aurrerago ere halako martxan jarraitzea espero dugu, saltsera pare bat gara eta.