Kulturaldia

Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia gaur

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 15a, 07:49

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko lehen asteburua ez da amaitu; astelehen honetan, Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia 19:00etan Sutegin. Adi, datorren asteburuan segida izango du Kulturaldiak, Ruper Ordorikaren eta Don Inorrezen kontzertuekin eta Tio Teronen semeen emanaldiarekin.

NOAUA! K.E.-ren KULTURALDIA
Azaroak 15, astelehena
19:00 Txerra Rodriguezen "30 urte mihigintzan" hitzaldia Sutegin.
Zehaztasunak: "Txerra Rodriguez (Derio, 1977) ez da hasiberria euskara elkarteen mugimenduan. Derioko Tximintx elkartearen sorrerarekin murgildu zen euskaltzaleen mugimenduan eta geroztik bide oparoa egin du euskalgintzan militante modura, profesionalki eta soziolinguistika arloko dibulgatzaile modura ere. Euskara elkarteen hiru hamarkadako ekarpena aztertu du bere doktoretza tesian. “30 urte mihigintzan. Euskara elkarteek euskararen biziberritzean izan duten eragina 1987-2017” liburuan (UEU, 2020) argitaratu du Txerrak tesia. Euskara elkarteen ibilbidean izandako lorpenak, hutsuneak eta erronkak xehe-xehe aletzen saiatuko gara hitzaldian".
Prezioa: doan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 19, ostirala
22:00 Ruper Ordorikaren kontzertua Sutegin.
Zehaztasunak: "Ruper Ordorikak zuzenean aurkeztuko du bere diska berria, aurre-estreinaldi bezala. Album berezi honek osatuko du dagoeneko 20 diskatik gora heldu den bere ibilbidea. Aurkezpenerako bere Mugalaris taldearekin arituko da: ArkaitzMiner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira ( Baxua) HasierOleaga (bateria), eta horrez gainera Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak). Ezin da Ruper Ordorika laburrean definitu...Bere kantuetan sakontasunari eustea lortzen du halako edertasun bitxia erdietsiz, hitzen hautaketa eta soinu bilaketa etengabearen ondorioz. Hor ditugu bere kantu iraunkorrak estilo itxietatik at heltzen zaizkigunak...".
Prezioa: sarrerak agortuak.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 20, larunbata
19:00 Tio Teronen semeak: "Festamentua" Mikel Laboa plazan. Euria bada frontoian.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldean eta bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Zoritxarreko egoera batean elkartzea egokitu zaio gure lagun koadrila xelebreari; hileta batean, hain zuzen ere. Bertan, pasartea ulertu nahian ibiliko dira batera eta bestera, gertatutakoa iraultzeko esperantzan. Umore, dantza eta doinu ezagunez jositako ikuskizun original bezain berritzailea".
Prezioa: doan.
Informazio gehiago: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 21, igandea
19:00 Don Inorrez kontzertuan Sutegin. 
Zehaztasunak: "Imanol Ubedaren bakarkako proiektua da Don Inorrez. Bide Ertzean taldearen ibilbidea etetearekin batera jarri zuen martxan, eta 2018an lehen diskoa plazaratu zuen, Mugiro bila, Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatua. Zuzenean hiru musikari hauek laguntzen diote: Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarra). Emanaldi honetan beraien bigaren lana aurkeztuko digute, “Esku hutsik”.
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.