Zaintza ereduaren inguruko parte hartze saioa gaur

Noaua Aldizkaria 2021eko azaroaren 15a

Usurbilen nolako zaintza eredua nahi dugun aztertzen dabil herritar eta eragile talde bat azken hilabeteotan. Hilean behin biltzen dira, azaroari dagokion saioa astelehen honetarako, azaroaren 15erako iragarri dute, 15:30-17:30 artean Potxoenean. Deitzaileen esanetan, "bilerak bi zati izango ditu: lehenengoan, talde eragilean orain arte landu dituztenak azalduko dituzte, eta, bigarrengoan, beste zenbait herritan egiten ari diren esperientziak ezagutuko dituzte".

Antolaketa kontuengatik, saiora joan asmo dutenei aurrez izen ematea eskatzen zaie, 943 377 110 telefono zenbakira deituta edo parekidetasuna1@usurbil.eus helbidera idatzita. Orain arte egindako lanketari buruzko edukia usurbil.eus webgunean jaso dezakezue. Gaurko "bilera hau denon arteko elkargune bat izatea nahi dugu, eta saioa hiru taldetan antolatuko dugu: talde bat zaintza jasotzen duten pertsonei eta zaintzaile familiarrei zuzendua izango da, beste taldea zaintzaile profesional eta zaintzaren inguruko zerbitzuek osatuko dute, eta hirugarren talde bat komunitatearena izango da, non herriko eragile eta herritarrek parte-hartzeko aukera izango duten". 

Astelehen honetako parte hartze saioaren deitzaileek diotenez, "gaur egungo zaintza sistemak ez ditu zaintza behar duten pertsonen beharrak eta interesak asebetetzen, ezta beren ingurukoenak ere, eta argi geratu da zaintza eredu honen eraldaketa baten beharrean gaudela. Zaintza gaietan denon inplikazioa beharrezkoa da, komunitate osoaren inplikazioa, bai norbanako bezala eta baita herri bezala ere erantzun behar diogu, denon artean zaintza ekosistema bat sortuz".