Bake epailea eta ordezkoa hautatzeko deialdia martxan

Ostegun honetatik aurrera aurkeztu ahalko dira eskabideak lan deialdi honetara. Xehetasunak Usurbilgo Udalak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu duen iragarkian dituzue.

Lau urtero moduan, bake epaile titularra eta ordezkoa hautatu behar izaten dira. 2021-25 tarterako hautaketa prozesua abiatzea onartu zuen udalbatzak aho batez, urriaren 28ko osoko bilkuran. Deialdia Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, hautagaitzak aurkezteko hilabeteko tartea zabalduko zela berri eman zuen udal gobernu taldeak.

Hautaketa prozedura martxan jartzeko unea heldu da. Asteazken honetako (azaroak 17) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialak dakar Usurbilgo bake epailea eta ordezkoa hautatzeko deialdiari buruzko Udalaren iragarkia. Iragarkia argitaratuta, interesdunek eskabideak bihartik, hilaren 18tik aurrera aurkeztu ahalko dituzte udal erregistroan. "Interesdunek zinpeko aitorpena aurkeztu beharko dute, non adieraziko duten deialdi honetan eskatzen diren baldintza guztiak betetzen dituztela, eta legeak xedatutako ezgaitasun eta bateraezintasunik ez dutela. Halaber, interesdunek hautaketa prozesuari begira egoki iritzitako merituak aurkeztu beharko dituzte, eta baita curriculum vitaea ere. Baloratu ahal izango diren merituak dira bizilekua, curriculuma eta euskararen ezagutza".    

Eskaerak aurkezteko epea igaro ostean, "Udalbatzak eskaera aurkeztu dutenen artean bake epaile titularra eta ordezkoa aukeratuko ditu, betiere ezarritako legezko betebeharrak betetzen badituzte. Eskaerarik ez badago, Udalbaltzak askatasunez aukeratuko ditu bake epaile titularra eta ordezkoa, prozeduraren baldintza berberen arabera, eta erabakiaren berri emango dio eskumena duen Jurisdikzio Organoari".

Bake Epaile izateko betebeharrak honako hauek dira:
— Espainiar herritartasuna izatea eta adinez nagusia izatea.
— Eginkizun judizialerako ezgaitua ez izatea, ez fisikoki ez psikikoki.
— Eskubide zibil guztien jabe izatea.
— Maltzurkeriazko delituengatik kondenatua ez egotea, birgaitasuna lortzen ez den bitartean.
— Maltzurkeriazko delituengatik, auzipetu edo errudun ez izatea, askapena edo largespena lortzen ez den bitartean.

Informazio gehiago, asteazken honetako (azaroak 17) Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean.