Joan Mari Torrealdairen “Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta” lana plazaratu dute

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 18a, 16:25

Joan Mari Torrealdai hil eta ia urte eta erdira plazaratu dute “Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta” liburua. Minbiziak jota hil zen Torrealdai 2020ko uztailaren 31an, baina ordurako ia amaituta utzi zuen bere azken liburua, eta azaroaren 16an egindako aurkezpenarekin, jada eskuragarri dago Berria dendan zein hainbat saltokitan.

Joan Mari Torrealdaik erabat amaitu gabe utzi behar izan zuen bere hurrengo eta azken liburua “Egunkaria. Gizarte Zibilaren arrakasta”. Amaitzea ezinezkoa izango zuela ikusita, Joanmari Larrarte Egunkariako kide izandakoari eman zion lana amaitzeko betekizuna. Urte eta erdi beranduago, liburua erabat amaitu eta prestatuta zuten Martin Ugalde Kultur Parkean Joanmari Larrarte berak eta Imanol Murua irakasle eta ikerlariak. Berriak eskuragarri jarri du liburuaren aurkezpen osoa Berria TBn eta Youtuben “Joan Mari Torrealdairen “Egunkaria, gizarte zibilaren arrakasta” liburuaren aurkezpena” izenburupean. 

 

1990ean sortu eta martxan jarri zuten Euskaldunon Egunkaria, ekimen herrikoiari esker, baina 2003an itxi egin zuten Espainiako Auzitegi Nazionalaren agindupean. Egunkariaren sorrera gatazkatsua izan zen, gizartetik eratutako Egunkaria Sortzen taldearen eta garai hartako Eusko Jaurlaritzaren artean ika-mikak izan baitziren. Amaiera are eta gatazkatsuago eta bortitzagoa izan zen; Guardia Zibilak itxi egin zuen, eta bertako hainbat arduradun atxilotu, torturatu eta kartzelara bidali zituzten. Horien artean, Joan Mari Torrealdai.

 

Hark lehen pertsonan bizi izan zuen prozesu osoa. Hasieratik hartu zuen parte Egunkaria Sortzen taldean, eta ordutik Administrazio Kontseiluko kide  izan zen, eta  lehendakari ere egin zuten azken urteetan. Plazaratu berri duten liburuan gertaera horien kontaketa egiten du: sorreratik itxierara eta ondorengo epaiketara artean bizi izan zituen momentuak. Bizipenetan oinarritutako kontaketa da, gogoeta pertsonalekin mamitu eta indartua.