Kulturaldia

Ruper Ordorikak bi emanaldi eskainiko ditu Sutegin, 19:00etan eta 22:00etan

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 19a, 10:32

Osasun krisialdiak azken egunotan izan duen bilakaera dela eta prebentzio modura, Usurbilgo Udalak Sutegiko edukiera %60ra murriztea erabaki duenez, NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiaren baitan Ruper Ordorikak emanaldi bikoitza eskainiko du ostiral honetan Sutegin. Lehenengo emanaldia 19:00etan, bigarrena 22:00etan. Sarrera guztiak 22:00etarako salduak genituenez, txartela erosia duzuenon artean, ahal duzuenok 19:00etako emanaldira etortzea eskatzen dizuegu. Horretarako deitu ahal bezain laster NOAUA! Kultur Elkartera; 943 360 321.

Azken egunotako covid19 kasu berrien gorakada dela eta, prebentzio moduan udal ekipamenduetako edukiera %60ra murriztea erabaki du Usurbilgo Udalak, tartean Sutegiko auditoriokoa. Horrek NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiari eragingo dio. Ostiral honetan Ruper Ordorika kontzertua eskaintzekoa zen gaueko 22:00etan. Sarrera guztiak salduak genituen, kultur-etxeko auditorioko edukiera %100ean betetzea aurreikusia genuen. Edukiera %60ra murriztu ahal izateko, emanaldi bikoitza eskainiko du Ruperrek. 22:00etako saioaz gain, bigarren bat arratsaldeko 19:00etan.

Egungo prebentzio arauak betetze aldera, ahal duzuenok 19:00etako emanaldira gerturatzea eskatzen dizuegu. Hala egin ahal duzuenok arren, deitu ahal bezain laster NOAUA! Kultur Elkartearen egoitzara, 943 360 321 telefono zenbakira.

Emanaldia baino lehen irekiko dugu aretoko atea; garaiz etortzea eskatzen dizuegu antolakuntzatik, sarrera ahalik eta modu ordenatuenean egin ahal izateko. 

Lan berriari lotutako estreinako kontzertua
Gogoan izan, Ruper Ordorika albiste izan da egunotan, lan berria plazaratu duelako. Kuban girotutako abestiak batu ditu Amour eta toujour (Elkar) izenburua daraman diskoan.  Bira berriko lehen emanaldia Usurbilen eskainiko du. Ostiral honetan, gaueko 22:00etan, Sutegiko auditorioan. Ez da antzekoa egiten duen lehen aldia. 2016. urtean, Guria ostatua (Elkar) diskoa plazaratu zuen eta Usurbilen eman zuen estreinako kontzertua.

Ostiraleko kontzerturako sarrera gutxi batzuk salgai ditugu oraindik. Deitu 943 360 321 telefono zenbakira edo NOAUA! K.E.-ren egoitzara etorri.

NOAUA! K.E.-ren Kulturaldia 


Azaroak 19, ostirala
22:00 Ruper Ordorikaren kontzertua Sutegin.
Zehaztasunak: "Ruper Ordorikak zuzenean aurkeztuko du bere diska berria, aurre-estreinaldi bezala. Album berezi honek osatuko du dagoeneko 20 diskatik gora heldu den bere ibilbidea. Aurkezpenerako bere Mugalaris taldearekin arituko da: ArkaitzMiner (gitarra, bibolina eta mandolina), Lutxo Neira ( Baxua) HasierOleaga (bateria), eta horrez gainera Eduardo Lazaga (perkusioak) eta Nando de La Casa (perkusioak eta teklatuak). Ezin da Ruper Ordorika laburrean definitu...Bere kantuetan sakontasunari eustea lortzen du halako edertasun bitxia erdietsiz, hitzen hautaketa eta soinu bilaketa etengabearen ondorioz. Hor ditugu bere kantu iraunkorrak estilo itxietatik at heltzen zaizkigunak...".
Prezioa: sarrerak agortuak.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 20, larunbata
19:00 Tio Teronen semeak: "Festamentua" Mikel Laboa plazan. Euria bada frontoian.
Zehaztasunak: "Hainbat jatorritako dantzariak bildu dira taldean eta bi gauza dituzte komunean: dantzatzeko pasioa eta umore paregabea. Zoritxarreko egoera batean elkartzea egokitu zaio gure lagun koadrila xelebreari; hileta batean, hain zuzen ere. Bertan, pasartea ulertu nahian ibiliko dira batera eta bestera, gertatutakoa iraultzeko esperantzan. Umore, dantza eta doinu ezagunez jositako ikuskizun original bezain berritzailea".
Prezioa: doan.
Informazio gehiago: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.



Azaroak 21, igandea
19:00 Don Inorrez kontzertuan Sutegin. 
Zehaztasunak: "Imanol Ubedaren bakarkako proiektua da Don Inorrez. Bide Ertzean taldearen ibilbidea etetearekin batera jarri zuen martxan, eta 2018an lehen diskoa plazaratu zuen, Mugiro bila, Paco Loco ekoizlearen estudioan grabatua. Zuzenean hiru musikari hauek laguntzen diote: Karlos Aranzegi (bateria), Lutxo Neira (baxua) eta Ruben Caballero (gitarra). Emanaldi honetan beraien bigaren lana aurkeztuko digute, “Esku hutsik”.
Prezioa: 10 euro, bazkideek 8 eurotan.
Informazio gehiago eta sarrerak: NOAUA! K.E.-ren egoitzan edo usurbilkultura.eus atarian.

Antolatzailea: NOAUA! K.E.