Koronabirusa

Kulturaldia neurri berrietara egokituta agurtu dugu

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 22a, 11:50

Eusko Jaurlaritzaren dekretu berriak eta covid19 agerraldi berriek NOAUA! K.E.-ren 25. urtemugako Kulturaldia egokitu beharra eragin dute azken asteburu honetan.

Don Inorrez taldearen eskutik agurtu berri dugu NOAUA! K.E.-ren 25. urtemugako Kulturaldia. Iaz bezala, honako hau ere bizi dugun osasun krisialdiak baldintzatua. Aurreko bi asteburuotan ospatu ditugun kultur zikloaren erdian izan dira covid19 agerraldi berriak bai Usurbilen baita oro har koronabirusaren hedapenaren handitzea Euskal Herrian ere. Eusko Jaurlaritzak dekretu berria argitaratu zuen iragan asteazkenean, besteak beste, prebentzio neurriak zorroztea eskatuz, eta prebentzio neurriak bete ezin ziren ekitaldiak bertan behera utzi edo atzeratzea galdeginez.

Biharamunean, hilaren 18an, aurrerantzean ostegunero egingo duten moduan, covid19aren udalerrietako datu eguneratuak argitaratzen hasi zen berriz Osasun Saila eta Usurbilen, aurreko 48 orduetan 18 covid19 kasu berri detektatu zituela jakinarazi zuen (14 azaroaren 17an, Usurbilen inoiz egun bakar batean detektaturiko kasu kopuru altuena). Udalak prebentzio neurriak zorrozte aldera, udal ekipamendu hainbatetan edukiera muga %100etik %60ra murriztea erabaki zuen datozen bi asteotan gutxienez. Bai Potxoeneko Urdintxo gelan nahiz sotoan, Oiardo Kiroldegiko eskubaloi pistan edota Sutegiko auditorioan.

Babes neurri zorrotzagoak
NOAUA! K.E.-ren Kulturaldiko azken ekitaldiak hain zuzen kultur-etxean ospatzekoak ziren. Hasteko Ruper Ordorikaren kontzertua. Bere diska berriko estreinako kontzertua eskaintzekoa zen hilaren 19an Sutegin. Sarrera guztiak dagoeneko salduak genituen. Egoera ikusita, kultur elkarteak Udalarekin elkarlanean eta musikarien adostasunez, albiste honi atxikitako irudian duzuen Ruper Ordorikaren kontzertu bakarra bikoiztea erabaki zen. Arratsaldeko 19:00etan eskaini zuen lehen saioa, bigarrena, aurreikusia zegoen moduan 22:00etan. Eskertzekoa hain zuzen, musikarien borondatea, kultur elkartearen ahalegina nahiz egoera zein zen ulertuta, %60ko edukiera mugara egokitzeko berehala hitzorduz aldatu zuten herritar guztien saiakera. 

Prebentzio neurriak zorrozte aldera, batetik Sutegiko %60ko edukiera-muga berrira egokitzeko bi kontzertu eskaini zituen Ordorikak. Eta horrekin batera, Iturralde farmaziak emandako FFP2 musukoak banatu zituen NOAUA! K.E.-k.

"Ixen" sistema ere berreskuratu zen auditorioko eserlekuetan. Alegia, segidan zeuden bitik eserleku bat hutsik uzteko eta hartara ikus-entzuleen artean ere segurtasun tartea bermatze aldera.

Igandeko Don Inorrezen kontzertuan ere neurri berak hartu ziren. Larunbatean, Tio Teronen Semeak taldekoek Mikel Laboa plazan eskaini zuten "Festamentua" emanaldia. Kasu hartan, eserlekuak jarri ziren emanaldi eremuan.

Lehendik ere zorrotzak ziren prebentzio neurriak are gehiago zorroztuz, eta osasun krisialdiak izandako okertze egoerara egokituz borobildu behar izan du NOAUA! K.E.-k aurtengo Kulturaldia. Guztion borondateak ahalbidetu du, azken asteburu honetako ekitaldiak ere bideratu ahal izatea. Euskal kulturaz, seguru, gozatzen jarraitu ahal izateko.