#covid19

Zumartekoen kontzertua bertan behera, Gazte Eguna eta Marsel magoaren emanaldia atzeratuak

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 22a, 12:30
Pandemia aurreko Zumartekoen Santa Zezili eguneko kalejira. 2019ko irudia.

Covid19ari lotutako agerraldi berriek eta orohar koronabirusaren goranzko hedapen orokorraren aurrean, herri eragileak egokitzen ari dira asteotarako iragarriak zituzten hitzorduak.

Momentuz, astelehen eguerdira arte NOAUA!-n jasoa dugun informazioaren arabera, zenbait aldaketa izango dira aste honetarako iragarriak dauden ekintzetan. 

Zumartekoen kontzertu eta kalejira
Santa Zezili egunaren harira urtero moduan kontzertua eta kalejira iragarria zuen Zumarte Musika Eskolak aurtengorako ere. Baina ez ohi bezala biak egun berean, kalejira azaroaren 25erako eta Sutegiko kontzertua astearte honetarako. Kontzertua bertan behera uztea erabaki dute. Covid19-ak azken egunotan Usurbilen izandako eraginak bultzatu ditu erabaki hau hartzera: intzidentzia tasaren gorakadak, ikasle konfinatuek, baldintza berriek... 

Ostegunerako iragarria duten kalejirari bai, eustea erabaki dute momentuz. Azaroaren 25ean 18:30etan abiatuko da Zumarte Musika Eskola paretik. Trikitixa-pandero taldeak, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleek eta Txarangak parte hartuko dute.

Gazte Eguna atzeratua, mobilizatzeko deia
Usurbilgo Udalak prebentzio neurriak zorrozte aldera hartutako erabakiaren haritik, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak sare sozialen bidez zabaldutako bideoan, asteburu honetarako iragarria zuten Gazte Eguna atzeratzea erabaki zutela berri eman zuen. Bideo bidez jakinarazi dutenez, "asteburu honen helburua gazteak bildu eta borrokan jarraitzeko ilusioa berpiztea zen". Aldiz, "osasun egoera okerrera doala ikusita asteburua atzeratzea erabaki dugu". Gazte Egunik beraz ez da ospatuko azaroko azken asteburuan. Baina Aztarrikatik ohartarazi dutenez, "gazteen egoera kezkagarria salatzeko mobilizazioak deituko ditugu eta parte hartzera animatzen zaituztegu". Egunotan zehaztekoak dira deialdia.

Marsel magoaren emanaldia atzeratua
Astelehen eguerdi honetan Sutegi udal liburutegitik jakinarazi dutenez, asteotan ospatzen ari diren "Udazkena Liburutegian" zikloaren baitan eskaintzekoak ziren "MagiaZ: Magia eta Zientzia uztartuz, Marsel margoarekin" azaroaren 24ko emanaldia atzeratzea erabaki dute. Data berririk ez dute zehaztu. Data finkatzen dutenean jakinaraziko dutela berri eman dute Udaletik.

Gainerakoan aldaketarik ez
Momentuz, aste honetarako iragarriak dauden gainerako ekitaldiak bere horretan egingo dira. Ostegunean Sutegin 18:30etan "Energia komunitateak" hizpide izango dituen Nafarkoopeko Bulego Teknikoko Ingeniari eta herritar Alazne Arruti Bengoetxearen hitzaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak. 

Hilero moduan, Sareren mobilizazioa izango da azaroaren 26an 20:00etan Mikel Laboa plazan. Asteburura begira; larunbatean 10:00etan Potxoenean, Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzeko prozesua abiarazteko hitzordua finkatua dago. Arratsalde parterako, 18:00-20:00 artean musika Santuenean Dj Mendiren eskutik. Gaueko 22:00etan Kultur Gala antolatu du Antxomolantxa Elkarteak Aginagako Eliza Zaharrean. Eta biharamunean, azaroaren 28an, bigarren urtez jarraian Erle Egunik izango ez dugun iganderako Hurbilago Elkartearen Udazkeneko Azoka.