Bizipen bilketa eta eskualde mailako mobilizazioa, azaroaren 25ari begira

Bi deialdi iragarri ditu Kafe Tertuliak osteguneko (azaroak 25) Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira; bizipenen bilketa eta eskualde mailako mobilizazioa.

Bi hitzordu iragarri ditu Usurbilgo Kafe Tertuliak osteguneko (azaroak 25) Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunera begira. Batetik, eskualde mailako mobilizazioa; Lasarte-Orian barrena egingo dutena, iluntzeko 19:00etan Okendo plazatik abiatuta eta "Erasoen aurrean autodefentsa feminista! Kaleak eta gauak gureak izaten jarraitzen dute" aldarripean. Buruntzaldea mailako eragile feministek bat egin dute deialdiarekin; tartean, aipatu moduan, Usurbilgo Kafe Tertuliak. "Emakumeen kontrako indarkeriaren aurkako egunean, kaleak hartuko ditugu, ez baikaude prest geure buruak etengabe arriskuan ikusteko eta indarkeria estruktural honetan bizitzeko".

Bizipenen bilketa
Emakumeenganako Indarkeriaren Aurkako Egunari, azaroaren 25ari begira bestalde, beste ekimen bat iragarri du sare sozialen bidez Kafe Tertuliak. "Azaroak 25, Emakumeen Aurkako Indarkeriaren Kontrako Eguna izanik, Usurbilgo emakumeok* jasandako eraso, bizipen, pasarteak... jaso nahi ditugu. Gero, audio batean bildu eta azaroaren 25ean herrian jartzeko asmoz. Nahi duzun moduan idatzi bizipena!", luzatu dute gonbita.

Esteka honetan sartuta idatzi daiteke pasarte edo bizipena: Kafe Tertulia