ERRIGORA

Errigoraren 77 saski banatuko dira egunotan

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 24a, 08:35

Kanpaina ezin arrakastatsuagoa osatu du Errigorak udazken parte honetan. “Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka” egitasmoaren bidez, 15.500 saski banatuko dituzte. 235.000 euroko laguntza bildu da Nafarroa hegoaldeko euskalgintzara. Usurbilen 77 saski eskatu dituzte herritarrek. Egunotan kultur elkartearen egoitzan jaso eta kaxak eskatu dituzuenoi banatzeko moduan izango gara. Jakinaraziko dizuegu.

 

Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak bildu ziren duela aste batzuk Ablitasen, kutxak osatzeko xedez. “Guztira 300 boluntario aritu gara lanean hau dena posible egiteko”. Egunotan, 200 herri baino gehiagotan ibiliko dira beste ehunka auzolangile kanpainaren berri ematen eta milaka eta milaka kutxa banatzen.

 

Euskalgintza, onuradun

“Milaka lagunen elkartasunari esker, 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera”, Errigora ekimeneko sustatzaileek egunotan aditzera eman dutenez. “Eta, aldi berean, diru-ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu”.