Gizarte babesa lehenetsiko dute 2022ko udal aurrekontuek

2022rako usurbildarren dirua zertara bideratuko duen diseinatua du udal gobernu taldeak. “XXI. mendeko gizarte honek dituen erronkei Usurbildik erantzuteko anbizio handiko egitasmoak ditugu martxan” eta egitasmo horiek bultzatzeko osatu dituzte aurrekontuok, EHBildutik berri eman dutenez. Ostegun honetako udalbatzarrean hasieraz onartuko dituzte.

Azken asteotan urte berrirako udal aurrekontu proposamena aurkeztu eta partekatu du EHBilduk oposizioko talde politikoekin, baita herritar nahiz eragileekin auzoz auzo egin duen bilera errondan. Udal gobernu taldetik eskerrak helarazi nahi dizkiete saio guztiotako parte hartzaile izan direnei. “Izaera oso desberdineko proposamenak jaso ditugu, batzuei tokia egiten saiatuko gara aurrekontu proposamenean. Beste batzuk lantzeko languneak eratzeko ere konpromisoa hartu dugu” iragarri dute udal gobernu taldetik. Plangintza bat osatu asmo dute “guztiei erantzuten saiatzeko”. Haietako asko “udal baliabideekin aurrera eraman” ditzaketela aurreratu dute.

Ia 13 milioi euro
Iazkoaren ildotik, covid19ak baldintzaturiko testuinguruan aurkeztu dute 2022rako udal aurrekontu proposamena, pandemia hasieratik izan duten lehentasunari eutsita; “gehien kalteturiko herritar eta kolektibo zaurgarrienak” babestea. Gizarte babesa lehentasuna izaten jarraitzen du udal gobernu taldearentzat.

Batetik, udazkenean zehar iragarri eta osoko bilkura bidez onartu moduan, urte berriko ordenantza fiskalei KPI-a ren igoera bat %1,5ekoa aplikatzea erabaki dute eta tasa, zerga eta prezio publikoetan hobarien eskaintza zabaltzea.

Ia 13 milioi euroko udal aurrekontua izango du Usurbilek urte berriko erronkei heltzeko, iaz baino 100.000 bat euro pasatxo gehiago, foru funtsetik 557.000 euro gehiago jasoko duelako udalerri honek, 4,7 milioi euro. Miloi bat euroko mailegua eskatu asmo dute inbertsioetarako, guztira 1,6 miloi euro izango ditu herri honek hain zuzen inbertsioetarako.

Bistan denez, mailegu hau eskatuta udalerri hau zorpetu egingo da bai baina udal gobernu taldetik argitu dutenez, egun Udalaren zorpetze maila %12,48koa da, legealdi hasieran %22an zen. “Legealdi hasiera eta bukaera zorpetze maila beretsuarekin bukatuko dugu, baina tartean inbertsio potoloak eginda”.

Ur horniduran, burujabetzarantz
Inbertsio nagusia (750.000 eurokoa) Erroizpeko presan bildutako ura edangarri bilakatzeko filtrazio sistema eraikitzea izango da. Horri esker, bertako ura herriko etxeen %90era helduko da (egun bizilekuen %40 ingurura heltzen da). Eta beraz “Añarbeko ura erabiltzeari utziko diogu, Añarberi ordaindu beharrekoa gutxituko da”. Udal gobernu taldeak 8-10 urteetan mailegua amortizatzea aurreikusten du. Eta hortik aurrera, “gastu hau aurreztuko du herriak”, urtean 100.000 euroko aurrezpena, “uraren alorrean herri burujabe bat izango da”. Halere argitu dutenez, Erroizpeko ura erabiltzeko arazorik balego, Añarbekoaz hornitzen jarraitu ahalko da.

Inbertsio gehiago; ur zikinak eta euri urak bereizi eta euri urak erriora eta ur zikinak Loiolako araztegira bideratzeko lan gehiago iragarri ditu udal gobernu taldeak, Ugaldea industriagunean. Aginagan ere bi urteetako obrei ekingo zaie.

Hitza hartzeko aukera egitasmo anitzetan
Auzotarren udal ekipamendua eta Emakumeen Etxea bilduko dituen Kalezarko Pelaioenea. Datorren urte hasieran esleitu asmo dituzte lanak eta urtean zehar gauzatuko dira. Eraikina prest izaterako, funtzionamendua zehazteko parte hartze prozesua bideratzen hasia da. Segida izango du urte berrian zehar. Hitza hartzeko prozesu gehiago; udal antolaketa garaiko teknologia eta baliabideetara birmoldatzeko edota zaintza ekosistemaren lanketari lotutako parte hartze prozesua. Aholkularitza zerbitzua kontratatuko du Udalak. Kirolaren plan estrategikoaren ingurukoa ere bideratu nahi dute. Egutegi bat finkatzekotan dira.

Egikarituko duten beste egitasmoa, “beste mundu bat posible da” aldarripean, abenduaren 11n jendaurrean aurkeztuko duten turismo eredu berriari buruzko egitasmoa.

Trantsizio energetikoko erronka anitzei (besteak beste kaleko argiteria publikoaren kontsumoa murrizteko), Usurbil 0.0 egitasmoari nahiz komunitate energetikoaren gaiari heltzeko diru partidak iragarri dituzte.

Auzoak
Auzoei dagokienez, Etxealdiara jaisteko San Esteban kaleko irisgarritasun arazoei erantzuteko lanei erreparatuko die udal gobernu taldeak auzotarrekin bileren bidez (15.000 euro), Aginagako eliza zaharra eraberritzen jarraitzeko diru partida (20.000 euro) jaso dute, Zubietan proiektu ezberdinetarako Herri Batzarrerako diru ekarpena (20.000 euro), Atxegaldeko hilerri zaharraren paretik Mahaspildegi elkartera doan bidea asfaltatzeko lanak (40.000) ere egin asmo dituzte, Santueneko auzo planari lotutako proiektuaren idazketa (10.000 euro) eta auzotarrekin erabakitako lehentasunezko lanetarako diru ekarpena. Aurreikusi ezin diren egitasmoetarako 100.000 euro erreserbatu dituzte.

Gizarte larrialdietarako laguntza handiagoa
Udal diru-laguntza eskaintza zabala iragarri du udal gobernu taldeak 2022rako, milioi bat euro pasatxo, aurrekontu osoaren %8a. Aurten “pixka bat berandu ibili gara”, adierazi dute udal gobernu taldetik. 2022an, “urtarrila amaieran edo otsailera hasieran kaleratu nahi ditugu diru laguntza deialdien oinarriak”. Iazko lerroei eusteaz gain, premiazko beharrak dituzten herritarrentzako gizarte larrialdietarako lerro propioa iragarri du udal gobernu taldeak, beharrean den inor “laguntzetatik kanpo” gera ez dadin. Azaldu dutenez, Eusko Jaurlaritzak iaz baino 18.000 euro gutxiago, guztira 60.000 bideratu dizkio udalerri honi arlo honetarako laguntzetara. Diru kopuru hori agortuz gero, eta eskari gehiago egon arren ezin izango zaio erantzun. Horregatik 90.000 euroko partida iragarri du udal gobernu taldeak.

Udal lan taldea ere indartzen segi asmo dute 2022an. Guztira, 4,5 milioi euro (aurrekontu osoaren %35a, iazkoarekin alderatuta 2,8ko hazkuntza) bideratuko dute pertsonal gastuetara, “zerbitzu publikoaren alde” Usurbilek egiten duen apustuaren adierazgarri. Batetik, estatuak onarturiko %2ko igoera aplikatuko zaie udal langileen soldatei. Bestetik, “kontratazio berri batzuk egingo ditugu proiektu estrategiko ezberdinei erantzuteko”. Hala, parekidetasun eta aniztasun sailerako lanaldi osoko bigarren teknikari bat kontratatuko dute, eta beraz bi teknikarien artean banatuko da lan karga. Hirigintza sailean ere kontratazio bat egin asmo dute, baita administrari bat lanaldi osoan egonkortzekoa ere.