Joseba Tapia: "Soinu kromatikoak sortu ditu doinu hauek"

Joseba Tapiak disko berria aurkeztu du gaur eguerdian Donostian, bakarkako ibilbidean plazaratzen duen bederatzigarrena. Egon edo ez egon, hala izena du lan berriak, Koldo Izagirreren hitzak ditu oinarrian. Diskoa Durangoko Azokaren bezperan plazaratu badu ere, udaberrian hasiko da zuzenekoak eskaintzen. Lehena, 2022ko apirilaren 28an Donostiako Victoria Eugenia antzokian.

 

TranpAldo izeneko diskoa aurkezteko, Joseba Tapiak hamar laguneko taldea osatu zuen 2019an. Lan-talde bera mantentzeaz gain, beste hainbat kolaboratzaile elkartu dira kanta berrien grabazioan. Tartean, Et Incarnatus harizko orkestra. Beraz, duela bi urte urratu zuen bidetik segitzen duela esan daiteke.

 

Soinu kromatikoarekin idatzitako kantak

Salbuespen batekin: soinu kromatikoarekin konposatu eta grabatu ditu kanta denak. Diskoko moldaketa denak ere, soinu kromatikoarekin idatzi dituela aitortu du hedabideen aurrean.

Kantuok Andoaingo Garate estudioan grabatu ditu, Kaki Arkarazoren gidaritzapean.

 

Musikariei aitortza

Ondoko bideoan, musikariek urteotan eman dioten babesaz mintzo da Joseba Tapia. Soinu kromatikoari buruzko azalpenak ere entzun ditzakezue. Koldo Izagirrerenak dira hitzak eta prentsaurrekoan azaldu duenez, umorezkoak dira nagusi.