Zumartekoen gaurko kalejira atzeratua

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 25a, 09:30
Pandemia aurreko Santa Zeziliren omenezko azken kalejira, 2019. urteko irudi honetan.

Santa Zeziliren omenez, musikarien eguna ospatzeko bi hitzordu antolatuak zituen Zumarte Musika Eskolak egunotarako; batetik, osasun krisialdiagatik bertan behera utzi behar izan zuten astearteko emanaldia batetik. Ostegun honetarako kalejira ere hala egin dute azken orduotan, iragarria dagoen giro euritsuagatik.

Santa Zezili egunaren harira urtero moduan kontzertua eta kalejira iragarria zuen Zumarte Musika Eskolak aurtengorako ere. Baina ez ohi bezala biak egun berean, kalejira ostegun honetarako, azaroaren 25erako eta Sutegiko kontzertua iragan astearterako. Kontzertua bertan behera uztea erabaki zuten. Covid19-ak azken egunotan Usurbilen izandako eraginak bultzatu zituen erabaki hau hartzera: intzidentzia tasaren gorakadak, ikasle konfinatuek, baldintza berriek... 

Ostegun honetarako iragarria duten kalejirari ere bai, bertan behera uztea erabaki dute. Aurrerago ospatzekotan geratu dira. "Euriteengatik dugun abisu horia kontuan izanik gaurko aurreikusita genuen kalejira bertan behera utziko dugu eta aurrerago egingo dugu eguraldi hobearekin", ohartarazi du antolakuntzak sare sozialen bidez. Azaroaren 25ean 18:30etan abiatzekoa zuten kalejira Zumarte Musika Eskola paretik. Trikitixa-pandero taldeak, Musika Txokoko eta abesbatzako ikasleek eta Txarangak parte hartzea aurreikusia zuten.

Gazte Eguna atzeratua, mobilizatzeko deia
Usurbilgo Udalak prebentzio neurriak zorrozte aldera hartutako erabakiaren haritik, Aztarrika Usurbilgo Gazte Asanbladak sare sozialen bidez zabaldutako bideoan, asteburu honetarako iragarria zuten Gazte Eguna atzeratzea erabaki zutela berri eman zuen. Bideo bidez jakinarazi dutenez, "asteburu honen helburua gazteak bildu eta borrokan jarraitzeko ilusioa berpiztea zen". Aldiz, "osasun egoera okerrera doala ikusita asteburua atzeratzea erabaki dugu". Gazte Egunik beraz ez da ospatuko azaroko azken asteburuan. Baina Aztarrikatik ohartarazi dutenez, "gazteen egoera kezkagarria salatzeko mobilizazioak deituko ditugu eta parte hartzera animatzen zaituztegu". Egunotan zehaztekoak dira deialdia.

Marsel magoaren emanaldia atzeratua
Asteotan ospatzen ari diren "Udazkena Liburutegian" zikloaren baitan asteazken honetan eskaintzekoak ziren "MagiaZ: Magia eta Zientzia uztartuz, Marsel margoarekin" emanaldia abenduaren 16ra (18:00etan Sutegin) atzeratzea erabaki dute.

Gainerakoan aldaketarik ez
Momentuz, aste honetarako iragarriak dauden gainerako ekitaldiak bere horretan egingo dira. Ostegunean Sutegin 18:30etan "Energia komunitateak" hizpide izango dituen Nafarkoopeko Bulego Teknikoko Ingeniari eta herritar Alazne Arruti Bengoetxearen hitzaldia antolatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak. 

Hilero moduan, Sareren mobilizazioa izango da azaroaren 26an 20:00etan Mikel Laboa plazan. Asteburura begira; larunbatean 10:00etan Potxoenean, Usurbilgo kulturgileen elkargunea eraikitzeko prozesua abiarazteko hitzordua finkatua dago. Arratsalde parterako, 18:00-20:00 artean musika Santuenean Dj Mendiren eskutik. Gaueko 22:00etan Kultur Gala antolatu du Antxomolantxa Elkarteak Aginagako Eliza Zaharrean. Eta biharamunean, azaroaren 28an, bigarren urtez jarraian Erle Egunik izango ez dugun iganderako Hurbilago Elkartearen Udazkeneko Azoka.