Energia komunitateak hizpide, Anerrekaren gaurko hitzaldian

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 25a, 09:09

Alazne Arruti Bengoetxea herritarra gonbidatu du Anerreka Ingurumen Elkarteak ostegunerako (azaroak 25) Sutegin antolatu duen hitzaldira.

Hilabetea amaitzerako beste hitzaldi bat antolatu du Anerreka ingurumen elkarteak. Ostegunerako, azaroaren 25erako hain zuzen, arratsaldeko 18:30etan Sutegiko auditorioan. Energia komunitateak hizpide izango ditu herritar batek; Alazne Arruti Bengoetxeak. Nafarkoopeko Bulego Teknikoko Ingeniaria herrietako burujabetza energetikoaz ariko da. “Energia guztiona eta guztiontzat izatea nahi dugu. Besteen menpeko bezero huts izan beharrean, gero eta herri gehiagotan, ekimenak abian jartzen ari dira energiaren kudeaketan burujabe izateko asmoz".

Deshazkundeaz
Klima larrialdia hartu zuen hizpide bestalde, Anerreka ingurumen elkarteak azaroaren 2an antolatu zuen hitzaldian, Unai Pascual, Ekonomialari ekologikoa, BC3ko ikertzailea eta Gobernu-arteko IPBES plataformako kidearekin. “Trantsizioa modu erradikal batean gauzatu behar dugula jakinda, nola egin?”, galdetzen zuen.

Erantzun posible bakarra du galderak Pascualen ustez. “Energia deshazkundeari ekiten ez badiogu, ez dago irtenbiderik. Energiaren erabileraren beherakada nabarmena beharrezkoa da mundu mailan”. Ez baitago bere esanetan “egungo bizimodua mantentzeko energia berriztagarri nahikorik”. Eta “lehengaiak xahutzeko eredu ekonomikoa agortua dago”.

Trantsizio erradikal horri begira, “eraldaketaren gidaritza ez dago gizartean, ezta eztabaidarik ere, hori iruditzen zait larriena”. Glasgowko goi-bilera jarri zuen adibide gisa. “Enpresek rol oso garrantzitsua dute gailur hauetan”.