#Azaroak25

Kafe Tertuliak eraso eta bizipen larriak plazaratu ditu audio bidez

Noaua Aldizkaria 2021ko aza. 25a, 13:31

Ostegun honetako azaroaren 25eko Emakumeenganako Indarkeriaren Kontrako Egunaren harira, herriko emakumeen eraso eta bizipenen bilketa egin dute Usurbilgo Kafe Tertuliako kideek, "gure inguruan ere erasoak gertatzen direla ikusarazteko". Jasotakoa audio bidez kaleratu dute. Bizipen eta eraso larriak. Lerrootan dituzue, baita audioa bera ere entzungai. Azaroaren 25 honetan ere iragarri dutenez, "kaleak hartuko ditugu, ez baikaude prest geure buruak etengabe arriskuan ikusteko eta indarkeria estruktural honetan bizitzeko. Atzo, gaur eta beti egingo dugu oihu, erasoen aurrean autodefentsa feminista!".

#Azaroak 25, bizipen eta erasoen bilketa
-"20 urte ditut eta 12 urte nituela babarrun errotondan zebrabidea gurutzatzeko zain nengoela furgoneta txuri bateko gidaria oihukatzen hasi zitzaidan. "Acércate ven aquí" eta antzekoak esan bitartean besoekin gerturatzeko keinuak egin zizkidan. Gaueko 22:00ak inguru ziren eta euria egiten zuenez, inguruan inor ez zegoela ikusita korrika alde egin nuen Kaxko aldera".

- "19 urte ditut eta ia parranda guztietan modu batera edo bestera erasoren bat jasaten dut. Baina orain dela gutxi Donostiako taberna batean Realaren partida bat ikusten ari nintzela koadrilako birekin, tipo bat besoa laztantzen hasi zitzaidan. Tipoaz aldentzen nintzen eta bera berriro nigana pegatzen zen, gerria ukitu zidan momentura arte. Hor jada tabernatik negarrez atera nintzen inpotentziagatik eta nire koadrilako bat tipoari gauza pare bat esan eta nigana etorri zen".

-"31 urte ditut eta bizitza osoan zehar nire gorputza lodia dela eta desiratua, maitatuta, gustagarria ezingo nintzela izan sinestarazi nahi izan zidaten. Gora gorputz guztiak! Ez gara gorputz bat bakarrik eta gorputz guztiek dute berezitasuna! Gora denon gorputzak!". 

-"31 urte ditut eta ez dut ongi oroitzen adina, baina 13 urte inguru nituela nire amaren osaba zein ederra nintzen esaten hasi zen eta bularra ukitzen saiatu zen. Berehala erreakzionatu eta aldendu egin nintzen eta berak ez esan hau zure amari esan zidan. Nik korrika alde egin nuen eta zorionez gurasoei esatera ausartu nintzen. Oraindik ere pentsatzen dudanean tripak mugitzen zaizkit".

-"19 urte ditut eta ez dakit egun zehatza baina askotan gertatzen da; diskotekan, tabernan. Nirekin zerbait izatea insistitzen dauden mutil batzuekin gertatu izan zait. Hauek ez nituen ezertaz ezagutzen. Ezetz esan edo lagunak berarengandik banatu eta berdin berdin hor jarraitzen dute, bere presentziak inkomodatzen. Azkenean deseroso sentituz eta nire espazioa ez errespetatzeaz nazkatuta, leku horretatik alde egin nuen. Gau osoan hainbat mutilekin gertatu izan zait leku berdinean, azkenean nekagarria da lasai ezin egotea. Nekagarria da ere lagun bat egoera horretan egotea, mutilengandik urrutiratzen ibili behar izatea".

-"19 urte ditut, eta duela aste gutxi diskoteka bateko komunetan, mutil bat nire lagun bat komunera sartzen saiatu zen bultzaka eta nire laguna erabat blokeatuta geratu zen. Honen aurrean, niri laguntza eskatu zidan erabat beldurtuta eta bien artean sartu behar izan nintzen nire laguna hartu eta diskotekatik ateratzeko".

-"22 urte ditut eta 18-19 urte nituela ostiral batean Aitzagatik etxera bueltan nihoan bakarrik goizeko 4:00etan edo. Kotxe bat parean geratu zitzaidan, barruan 40 bat urteko tipo batekin. Ni ikaratuta gehiago ezin eta korrika hasi nintzen etxera. Baina atzetik segitzen eta oihuka hasi zitzaidan, "Morena que no me entere yo que ese culito pase hambre". Pare bat minutu eta gero niri bi ordu bezala egin zitzaizkidanak ziztu bizian nire paretik pasa zen eta alde egin zuen bozina jotzen. Ez dut nire bizitzan hainbeste beldur pasa".

-"43 urte ditut eta 28 urte nituela kaletik hasi ziren nire atzetik guapa esaten baina inork ez zidan lagundu. Portalera arte jarraitu eta oihu eginez joan egin ziren. Egoera honengatik psikologoetan egon izan naiz. Urte askotan kalera bakarrik ateratzeko beldurra izan dut ".

-"33 urte ditut eta 17 urterekin mutil batekin hasi nintzen. Sei hilabete egon ginen elkarrekin, ordutik aurrera urteetan harremana mantendu izan dugu. Aurten izan dut gaitasuna honi amaiera emateko. Iseka egin dit, nire burua zalantzan jarri du, sarritan behartu nau nahi ez nituen gauzak egitera, manipulatu nau. Nik bera salbatu nahi nuen baina ez nintzen konturatu ni neu salbatu behar nintzela".

-"19 urte ditut eta 17 urterekin oporretan nire ahizparekin bizikletan ibiltzera joan nintzen. Bidean gindoazela gizon bera askotan gurutzatzen genuela konturatu nintzen. Gizona bueltaka zegoen bere motorrarekin. Azkeneko aldiz gurutzatu genuenean gizona bere zakila masturbatzen ari zen guri begira".

-"31 urte ditut eta 27 urte nituela gauez autobusa hartu nuen Madrildik bueltatzeko. Larunbata zen eta ez zegoen jende asko. Alboko aulkian ez zegoen inor eta lasai asko lo hartu nuen eta esku bat hanka artean nuela esnatu nintzen. Gizon bat eseri zitzaidan alboan lo nengoela eta ni ukitzen hasi zen bera ukitzen zen bitartean: inork ez zuen ezer esan, blokekatuta geratu nintzen eta egin nuen gauza bakarra alde egiteko esan eta aurreko aulkietara joatea izan zen".

-"32 urte ditut eta 31 urterekin bikotea kide ohiarekin eztabaida batean, saihetsetan jaso nuen bere aldetik kolpea".

-"19 urte ditut eta 16 urte nituela parranda batean tipo batekin liatzen ari nintzen eta halako batean ukitzen hasi zitzaidan. Nik ez nuen nahi baina jarraitu egin zuen. Oso inkomoda sentitu eta alde egin nuen".

-"22 urte ditut eta 16 urte nituela oporretara joan nintzen Egiptora familiarekin. Nire amak eta biok jazarpena jaso genuen. Gure gorputzak ukitu zituzten, espazio pertsonala ez zuten inolaz ere errespetatu. Entzun nahi ez genituen zenbait gauza esan zizkiguten. Begiradaz epaitu ziguten, nahiz udako goiz batean goitik behera arropa luzearekin jantzita egon. Beste kultura bat da bai, baina hemen ere gertatzen dira halakoak ilunpetan bada ere. Oso larria da".

-"19 urte ditut eta 18 urte nituela gau batean parrandatik bueltan ibiltzen ari nintzela mutil talde bat kotxean pasa zen eta gauzak esaten eta txistu egiten hasi ziren. Erabat beldurtuta korrika etxera joan nintzen eta beraiek nire etxetik metro batzuetara kotxea gelditu eta bertatik atera ziren. Beldur handia sentitu nuen".

-"19 urte ditut eta 17 urterekin Zarauzko parranda batean koadrilakoekin, mutil koadrila bat gerturatu eta horietako batek masailean muxu eman zidan. Nik mutil hori ez nuen ezertaz ezagutzen eta inoiz ez nuen berarekin hitz egin". 

-"33 urte ditut eta umeetan 6-7 urterekin osaba batek eskua hankatartean sartzen zidan, kotxean berarekin bakarrik joaten nintzenean. Behin baino gehiagotan. Ez nekien egiten ari zena zer zen, ume bat bainintzen. Gerora konturatu nintzen osabak egindakoak erasoak zirela".

-"39 urte ditut eta 7-10 urterekin pertsona ezberdinek sexu erasoak egin zizkidaten. 7 urte nituenean ikastolatik atera eta gurasoen lagun batzuen etxera joaten nintzen bazkaltzera. Eta ama lanetik atera bitartean bertan han egoten nintzen. Bertako seme nagusiak, 17 urte edukiko zituen orduan, gela batean sartu eta gerritik behera biluztu ninduen. Ez nien gurasoei ezer aipatu, bertan jarraitu behar bainuen bazkaltzen egunero. 10 urterekin aitonak kafea hartzen zuen tabernako jabeak 60tik gora urte izango zituen, zakila erakutsi zidan eta bularrak ukitu zizkidan. Gurasoei kontatu nien baina ez genuen salatu erasoa".

-"16 urte ditut eta aurten Zarautzen parrandan ginela, edarira zerbait bota eta guztiz drogatuta utzi ninduten. Izkin batera eraman eta biolatzen saiatu ziren. Ihes egitea lortu nuen, baina eraso sexualak jasotzeaz gain gorputzean kolpe ezberdinak ere jaso nituen. Gero niri trauma psikologikoak ekarri zizkidan eta kaletik bakarrik joateko beldurra areagotu zitzaidan".

-"20 urte ditut eta lau urtez Zumartera joateko bideak Kaxkotik pasa eta udaletxetik jaitsita egiten nuen, Zendoian egoten ziren gizon batzuen komentario eta begiradak saihesteko".

-"32 urte ditut eta 27 urterekin psikologikoki mehatxuak gutxiestea, irainak, guztizko kontrola eta abar jasan nituen".

-"19 urte ditut eta parranda giroan murgildu nintzenetik begiradak, komentarioak eta ukimenak jasan behar izan ditut. Honen aurrean, askotan parranda lekua utzi behar izan dut. Maiz babosoak egoten dira gure atzean, oso gertu espazio pertsonala errespetatu gabe eta gaizki sentiarazten".

-"19 urte ditut eta 13-14 urte nituela, gaua zen, goizaldeko 1:00ak edo, eta etxera bidean nindoan herri erdi-erditik. Halako batean gizon heldu bat agertu zitzaidan, eta ea herriko tabernak nondik zeuden galdetu zidan. Ni ohartu gabe azaldu zen eta konturatzerako metro batzuetara besterik ez nuen. Ni ardura handirik gabe Mikel Laboa aldera joateko jarraibideak eman nizkion nahiz eta jakin tabernak itxita egongo zirela. Orduan gizona niregana gehiago hurbildu eta berarekin trago bat hartzera gonbidatu ninduen, edo nahi bagenuen elkarrekin ondo pasatzera joateko aukera eman zidan. Orduan sentitu nuen lehen aldiz beldurra, zerbait gertatzeko aukera zegoen susmoa. Hitz totelka, gogorik ez nuela eta etxera joan beharra nuela esan eta pauso azkarrez aldentzen saiatu nintzen. Gizona bera oso baldintza onetan ez zihoan eta laster utzi nuen atzean, baina ez aurretik bere partetik irainik jaso gabe. Portalera sartu orduko itxi nuen atea. Eta minutu batzuez bertan zain geratu nintzen, bihotza lasaitu eta benetan gizon hura nire atzetik etorri ez zela ziurtatu arte. Etxera iritsi eta amari berehala kontatu nion gertatutakoa. Bera benetan kezkatu zen eta nik neuk jasan nuen beldurra baino gehiago sufriarazi nuela esango nuke".

-"18 urte ditut eta 17 urte nituela nire mutilarekin etxean nengoen film bat ikusten. Bera eszitatuta zegoen, baina nik ez nuen harreman sexualik izan nahi une horretan, filma ikusten gustura nengoelako. Eta hiru bat aldiz ezetz esan ondoren, galtzak jaitsi zizkidan eta bortxaketa bat bizi behar izan nuen. Gaur egun oraindik nire errua izan zen ala ez galdetzen diot neure buruari".

-"22 urte ditut eta nerabezarotik orain arte jasan dut ezezagun batek txistu egin izana, hitz desatseginak entzun behar izatea, keinu itsusiak ikusi behar izatea. Ezer larria ez dela ematen du, normaltzat hartzen baititugu, baina hauek ere erasoak dira".

Lekukotza hauen audioak Kafe Tertuliakoen sare sozialetan ere entzun ditzakezue: Kafe Tertulia